Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Andrés Torresek Basque Culinary World Prize 2024 saria jaso du

23 Urria 2024

Basque Culinary Center izango da Andres Torres sukaldariari Basque Culinary World Prize 2024 emateko ekitaldiaren egoitza gaur arratsaldean (18:00etan). Sukaldari horrek saria jasoko du Global Humanitaria GKEaren bidez 10 herrialdetako elikagaien segurtasunaren alde egindako lanagatik eta gastronomiaren bidez mundu osoko zenbait krisi-egoeratan egindako esku-hartzeengatik, bai eta Casa Nova jatetxea sortzeagatik ere. Jatetxe hori praktika jasangarrietan oinarrituta dago, eta gastronomiari bestelako begirada batekin ekitea posible dela erakusten du. Basque Culinary World Prize sari berdingabea eta mundu mailakoa da. Berrikuntzan, teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial eta ekonomikoan ekimen eraldatzaileak abian dituzten sukaldarien lana nabarmentzen du sariak, eta Eusko Jaurlaritzak, Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan, eta Basque Culinary Center gastronomian aitzindaria den erakunde akademikoak, ematen dute.

Ekitaldiaren buru Imanol Pradales lehendakari jauna izango da, eta Andrés Torresi emango dio saria. Ekitaldian, Euskadiko elikagaien sektoreko agintari eta pertsona ospetsuen aurrean jardungo dira Amaia Barredo Martín Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Joan Roca Basque Culinary World Prizeko Epaimahaiko presidentea eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria ere. Sukaldaritzak, jasangarritasunak, laguntza humanitarioak eta gerrako kazetaritzak bat egiten dute Andrés Torresen baitan. Hainbat alderdi lantzen ditu berak, eta elkarri lotutako bi proiekturen buru da: alde batetik, Global Humanitaria GKEaren fundatzaile eta lehendakaria da. Erakunde horrek elikadura bermatzeko eta haurren eskubideak defendatzeko lan egiten du hamar herrialdetan, 200 eskola-jantoki baino gehiagorekin, eta premiazko esku-hartzeak egiten ditu gerrak edo hondamendiek kaltetutako eskualdeetan, elikagaiak, ura, higienea, osasuna, babesa eta oinarrizko hezkuntza eskuragarri egon daitezen. Bestalde, Penedés eskualdeko Casa Nova jatetxeko sukaldariburua eta jabea ere bada Torres, eta jasangarritasuna eta autosufizientzia benetan nola landu erakutsi du; horregatik, Michelin izar berde bat jaso du. Lortutako irabazien parte batek Global Humanitaria finantzatzeko balio du, eta jatetxeko jardunbide jasangarri batzuek eta errezeta batzuek GKEak lagundutako komunitateetan eskuratutako jakintza dute oinarri.

Basque Culinary World Prizeren 100.000 euroko diru-zuzkidura baliagarria izango da jendearentzat, ingurumenarentzat eta gizartearentzat onuragarriak diren sukaldari honen ekimenei laguntzeko. Andres Torres irabazlearen hitzetan: "Oso eskertuta nago Basque Culinary World Prize saria jasotzeagatik. Sari honen bidez lan etengabea saritzen da, 25 urte baino gehiago iraun duena, bai eta ahalik eta komunitate gehienei lagundu nahi izateko gogo haustezina ere. Lana eta gogoa ez dira nireak bakarrik, Global Humanitariako kide diren pertsona guztienak baizik. Elikagai-segurtasunaren, osasunaren eta hezkuntzaren arloan ditugun proiektuak indartzeaz gain, espero dut sari honek aukera emango duela gure mezua jende gehiagorengana iristeko eta, horrela, laguntza gurekin lan egiten duten herrialdeetara zabaltzeko.”

Andrés Torres munduan eragin handiena duten sukaldarietako batzuek aukeratu dute, zeinak Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluaren ordezkari baitira. Joan Roca (Espainia-El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiaren presidentea, eta beste sukaldari ospetsu batzuek ere parte hartu dute, hala nola: Gastón Acurio (Peru), Pia León (Peru), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (AEB), Trine Hahnemann (Danimarka), Mauro Colagreco (Argentina-Frantzia), Elena Reygadas (Mexiko), Josh Niland (Australia) eta ThiTid Tassanakajohn (Ton) (Tailandia).

Ekimen eraldatzaile bat

Basque Culinary World Prize saria 2016an eman zen lehen aldiz, gastronomia indar eraldatzaile bat izan daitekeela erakusten duten lekukotzak biltzeko. Sariak bikaintasunerako bokazioa duten gizon eta emakume ekintzaileen lana nabarmentzen du; berritzaileak eta sortzaileak dira, saiatuak, baina, batez ere, gizartearekin konprometituta daude. 1.250 izendapen eta 42 herrialdetako 850 izendatu baino gehiago aztertu ditu prentsak “Gastronomiaren Nobela” izena eman dion eta nazioarteko prestigiodun akademikoek eta adituek —tartean sukaldari garaikiderik onenetako batzuek— babesten duten sari honek. Bi hilabetez, industriako eta sektoreko profesionalek eta erakundeek mundu osoko sukaldariak izendatzen jardun zuten; horiek guztiek erakusten dute gastronomia hainbat arloren motor bihur daitekeela, hala nola gizarteratzearena, jasangarritasunarena eta hezkuntzarena, besteak beste. Basque Culinary Centerrek, berriz, lantalde bat jarri zuen abian, hainbat profil bilatzeko eta egiaztatzeko prozesu sakon bat egin zezan.

Ekainaren 19an, Basque Culinary World Prizek iragarri zuen Limako (Peru) Andrés Torres izan zela Basque Culinary World Prize 2024 sariaren irabazlea, eta bi aipamen berezi ere egin zituen. Hala, berriz ere agerian utzi zuen gaur egungo erronkak ikusgai jarri nahi dituela, eta bikaintasunerako bokazioa duten sukaldari ekintzaileen profilak identifikatu: sukaldari berritzaileak, sortzaileak eta saiatuak, beren komunitatearekin konprometituak eta gastronomiaren fenomeno iradokitzaile eta kutsakorraren adibide direnak. Horregatik, Andrés Torresez gain, epaimahaiak beste bi sukaldariren lana saritu du. Aipamen bereziarekin saritu dituzte, alde batetik, Gisela Medina (Argentina), Corrientes probintziako Mburucuyá herritik bere eskualdeko antzinako sukaldaritzaren garrantzia nabarmentzeagatik —luzaroan gutxietsia izan baita— , eta horren bidez eskualdeko garapen eta enpleguan laguntzeagatik; eta, beste aldetik, Ángel Leon (Espainia), itsasoak jaki-toki gastronomiko gisa eskaintzen dituen aukerak ikertzeagatik, orain arte aztertu ez diren aplikazio gastronomikoen potentziala berrikuntzaren eta jasangarritasunen ikuspuntutik ikusarazteagatik.

Urtero, Basque Culinary World Prizek, irabazlearen eta aipamen berezien bidez, mezu bat bidaltzen du, jende guztia konturatu dadin zenbat arlotan lagundu dezaketen sukaldariek. Aurten, elikagaien segurtasuna izan da hizpide, baita immigrazioarekin lotutako gizarteratzea eta talentuaren dibertsifikazioa ere, besteak beste.

 

Desarrollado por: GureMedia