Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerreko Komunikazio eta Kazetaritza Gastronomikoko Master berria

30 Apirila 2021

Basque Culinary Centerrek bere prestakuntza-eskaintza zabaldu du Komunikazio eta Kazetaritza Gastronomikoko Master berri honekin. Horrela, Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultateak egun ematen dituen zortzi masterrei, bederatzigarren hau gehitzen zaie, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduaz eta Gastronomia Zientzietako Doktoregoaz gainera.
 
Gastronomiaren gorakadak kazetaritzan eta komunikazio gastronomikoan espezializatutako profesionalak eskatzen ditu, eta master honek eduki eta ekimen gastronomikoak ikuspegi global eta garaikide batetik diseinatzeko, ekoizteko eta sustatzeko beharrezkoak diren gaitasunak erakusten ditu. Basque Culinary Centerreko 360 º-ko gastronomiaren kontzeptuarekin lotura duen ikuspegia.
 
Komunikazio eta Kazetaritza Gastronomikoko Master honen lehen edizioak programa hau izango du: 2021eko urriaren 4an hasiko da, formatu erdi-presentzialean (sei hilabeteko onlineko prestakuntza eta hilabeteko aurrez aurreko heziketa Basque Culinary Centerreko instalazioetan), komunikazio gastronomikoaren arloko profesionalak prestatzeko helburuarekin eta kazetaritza gastronomikoaren ikuspegi global eta garaikidea eskaintzeko asmotan, hala nazio nola nazioarte mailan, elikaduraren gaur egungo joerak ezagutzera emanez, betiere, gastronomian eta sukaldaritzan indarrean dauden edukiak kudeatzeko xedearekin.
 
Hona hemen Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariaren hitzak: «Hasiera-hasieratik, proiektu bultzatzailea izan nahi izan dugu gastronomia-sektorearen espezializazioan eta profesionalizazioan. Master hau abian jartzeak ilusio handia egiten digu, eta eduki gastronomikoa sortzen espezializatu nahi duten komunikazioko eta kazetaritzako profesionalen egungo eskaerei erantzutea bilatzen du. Sektoreko profesionalak espezializatzearen garrantzian sinesten dugu, komunikazio gastronomikoaren egungo ekosisteman estrategikoki presta daitezen, kanal anitzeko orientazio praktikoarekin eta nazioarteko ikuspegiz hornituta, sektorearen mugak hobetzeko eta zabaltzeko».  
 
GOI-MAILAKO IRAKASLEAK
 
Masterrak –irekita dago jada izena emateko epea– hainbat nazionalitate eta diziplinatako irakasleak eta kolaboratzaileak biltzen ditu, betiere sektoreari buruzko ikuspegi globala eman dezaten. Horien artean daude, besteak beste, masterraren koordinatzailea, Rafael Tonon, nazioarteko esperientzia duen kazetaria, idazlea eta ikertzaile gastronomikoa; Andoni Luis Aduriz, munduko jatetxe ospetsu eta sarituenetako bateko –Mugaritz– chefa eta jabea; Sasha Correa, kazetari eta idazle venezuelarra, komunikazioaren munduan 15 urte baino gehiago daramatzana; Ryan King, Fine Dining Lovers-eko editore burua; Matt Goulding, AEBetako kazetari gastronomikoa, liburuen egilea eta edukien ekoizlea; Diego Salazar, kazetaria, Espainiako ABC egunkariko Kazetaritzako Masterreko irakasle ohia, Etiketa Negra-ko (Peru) editore elkartua, Peru21 multiplataformaren editorea eta, gaur egun, The New York Times egunkariko gaztelaniazko edizioaren kolaboratzailea; Rodrigo Varona, Europako gastronomiako komunikazio-agentzia ospetsuenetako bat den Brandelicious-eko zuzendari exekutiboa; Harold McGee, gastronomiari buruzko idazle estatubatuarra, elikagaien kimikan azentua jartzen duena; Andres Rodriguez, SpainMediako (Tapas, Forbes, etab.) presidentea eta editorea; eta Emily Takoudes, Phaidon argitaletxeko Food & Drink-en editore exekutiboa izan dena 2014tik, eta hainbat liburu argitaratu dituena hogei urte baino gehiagoz.

Gainera, Basque Culinary Centerreko irakasleak ere baditu; horien artean, Pablo Orduña, Historia Modernoko Doktorea Nafarroako Unibertsitatean eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak emandako bekei esker ikertzaile aritu dena; Jorge Bretón,  erreferentziako jatetxeetan trebatutako chefa eta BCCko sukaldaritza-arloko egungo koordinatzailea, eta Juan Carlos Arboleya,  Biokimika Fisikoan Doktorea University of East Anglian (Norwich, Ingalaterra), gaur egun, Gastronomia Zientzietako Masterreko koordinatzaile teknikoa da, Graduko Elikaduraren Garapen eta Teknologia ibilbidean, eta BCC Innovationeko kontsumitzailearen zentzumen-pertzepzio eta lehentasunen espezialitatean
 
METODOLOGIA ERDI-PRESENTZIALA ETA PRESTAKUNTZA-PROGRAMA

Masterra formatu erdi-presentzialean emango da, eta sektoreko profesional onenek hartuko dute parte, masterrerako emango dituzten eskola magistral esklusiboen bidez. Gainera, saioetako batzuk ingelesez izango dira, eta, beraz, heziketa jasotzeko, gutxienez B2 maila baloratuko da (maila ertain-altua).

Onlineko epealdian –2021eko urritik 2022ko apirilera–, zuzeneko eskolen bidez, astean 2 egunetan, erronkak, tailer praktikoak, kasuak, lankidetza-lanak eta ikaskuntza irakatsiko dira, gaietan adituak diren irakasleen gidaritzapean. Idazketa-, argazkigintza-, bideogintza- eta podcast-tailerrak ez ezik, gastronomiarekin lotutako hainbat jarduera egingo dira, komunikazio- eta kazetaritza-potentzial guztia garatzearren.
Aurrez aurreko aldian –2022ko maiatzean hasiko da–, ikaskuntza-dinamika aktiboak lantzen jarraituko da: landa-lanak, learning journey-ak, erronkak, kristalizazio-tailerrak eta abar. Learning by doing-ean oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza metodologia erabiliko da: gogoetatsua, soziala, aktiboa eta motibagarria.
Gainera, irakaskuntza-programan zehar, ikasleek Basque Culinary Centerreko proiektu editorialean ikasitakoaren parte bat praktikan jartzeko aukera izango dute: Gastronomia360 (https://gastronomia360.bculinary.com/). Eskolaldia amaitutakoan, ikasleek master amaierako lan bat egin beharko dute. Lan hori banaka edo taldeka egin ahal izango da eta bere xedea masterrean lortutako ezagutzak praktikan jartzea izango da. Eta ikaskuntzari amaiera emateko, ikasitakoa praktikan jarri eta enpresako ingurune profesional batean esperientzia bat bizitzeko xedez, curriculum-praktikak egingo dituzte hiru hilabetez. 
 
Prestakuntza-programa berri hau graduatuei, diplomadunei, unibertsitateko lizentziadunei eta goi-mailako teknikariei zuzenduta dago, baldin eta beren karrera komunikazio edo kazetaritza gastronomikoaren esparruan garatu nahi badute, bai eta sektorean espezializatu nahi duten komunikazioko, kazetaritzako edo marketineko profesionalei, sektore gastronomiko eta elikagaien industriako profesionalei, beren ezagutzak eta gaitasun komunikatiboak sakondu eta hobetu nahi badituzte, eta beren lanbide-ibilbidea komunikazio gastronomikora, gastronomia-kazetaritzara edota ekitaldi gastronomikoetara bideratu nahi duten beste esparru batzuetako profesionalei ere.
 

INFORMAZIO GEHIAGO: https://www.bculinary.com/eu/masters/master-comunicacion-periodismo-gastronomico#intro

Desarrollado por: GureMedia