23 Apirila 2024
Basque Culinary Centerrek trebakuntza-jarduerak egiteko denboraldi luze bat prestatu du aurtengo udarako, bai gastronomiaren zale amorratuentzat, bai profesionalentzat. Barne hartzen dira, besteak beste, gazte eta zaleentzako ikastaroak, profesionalentzako trebakuntza eta lantegiak eta etxeko txikientzako udalekuak. Gastronomia adin eta profil guztietako pertsonei gerturatzeko udako programa hori ekainaren 24tik uztailaren 18ra egingo da, Gastronomia Zientzien Fakultatean bertan.
HAUR ETA GAZTEENTZAKO UDALEKU GASTRONOMIKOAK
Aurten ere, 9 eta 13 urte bitarteko haurrek Txikichef udaleku gastronomikoez gozatzeko aukera izango dute uztailaren 1etik 6ra. Basque Culinary Centerreko ikasgela profesionaletan egingo da goizez, janaria prestatzen ikasteko edo hobetzeko, eta, gero, eskoletan prestatutako guztia jateko.
Bestalde, 14 eta 17 urte bitarteko chef gazteek Basque Culinary Centerreko irakasle profesionalen eskolak jasoko dituzte, sukaldaritzaren balio, sekretu eta oinarriak berenganatzeko. Hori guztia, chef gazteentzako murgiltze-programan. Gainera, beren irudimena askatu ahal izango dute, parekorik gabeko platerak sortzeko eta taldean lan egiten ikasteko. Ikastaro hau astelehenetik larunbatera egingo da, uztailaren 8tik 13ra (10:00etatik 15:00etara). Zalantzarik gabe, aukera paregabea izango da gazteen artean gastronomiarekiko maitasuna sustatzeko.
SUKALDARITZAREN ZALE HELDUENTZAKO IKASTARO TRINKOAK
Basque Culinary Centerreko chef profesionalek zuzenduko dute Bculinary Club gastronomiaren zaleentzako Basque Culinary Centerreko esparruak emango duen prestakuntza-eskaintza zabala, eta ikastaroak egun bat eta bost egun bitartekoak izango dira. Aipatzeko modukoa da udako sukaldaritza-ikastaro trinkoa, zaleek aukera izango baitute bost egunez, uztailaren 8tik 12ra, sukaldaritzarren oinarriak ikasteko eta zenbait errezeta prestatzeko. Halaber, zenbait sukaldaritza-teknika eta modako joerak ikasiko dituzte, eta tokiko eta kalitate oneko produktuak identifikatu eta erabiltzen ere ikasiko dute.
Zaleentzako lantegiak: paella, pintxoak eta parrilla
Uda paella, parrilla eta pintxoen sasoia da. Horregatik, Basque Culinary Centerrek erabaki du lantegi independenteak antolatzea gastronomiako ezinbesteko plater horiek prestatzen irakasteko. Lehenengoa, paella-lantegia, uztailaren 4an egingo da. Hiru ordu eta erdiko saio bat izango da, eta interesatuek Valentziako Erkidegoko plater tradizional hori prestatzen ikasiko dute.
Pintxoen ikastaroa, aldiz, uztailaren 6an egingo da, 10:00etatik 13:30era, ingelesez. Zehazki, aperitibo ezagun horrek euskal kulturan duen garrantzia ikasiko dute parte-hartzaileek. Sukaldaritzaren zaleek gildak eta Goxua prestatuko dituzte, baita txangurrua, txistorra eta bestelako tokiko produktu batzuk dituztenak ere.
Ez dago udarik parrillarik gabe, baina garrantzitsua da zaleek adituen sekretu eta teknikak ezagutzea. Uztailaren 13an izango dute horretarako aukera berariaz prestatu den parrilla-ikastaro bereziari esker. Hainbat jaki prestatzen ikasiko dute parte-hartzaileek: haragiak, arrainak, barazkiak, saltsak eta abar.
PROFESIONALENTZAKO LANTEGIAK – urrats bat aurrera egiteko garaia da
Kualifikazio handiko langilea izateak sektoreko lan-aukerak ugaritzen ditu. Udako ikastaro trinko hauei esker, gastronomiaren sektoreko profesionalek ere profesionalki hazten eta hobetzen jarraitzeko eta beharrezko ezagutzak jasotzeko aukera izango dute ikuspegi global batetik eta sektoreko profesional onenen eskutik.
3 eta 15 egun bitarteko prestakuntza praktikoak izango dira eta bestelako gai zehatzak landuko dira, hala nola, euskal sukaldaritza, nazioartekoa edota txarkuteria ingurukoak, eta alor bakoitzeko irakasle adituak izango dira irakasleak. Gehienez ere 18 lagunez osatuko dira taldeak, eta ikastaro amaieran ziurtagiri bat emango zaie partaideei.
Prestakuntza-saio nabarmenetako bat berrikuntza euskal gastronomian ikastaroa da (uztailaren 24tik 28ra): euskal gastronomiaren ekosistema landuko da learning by doing metodologiaren bidez, eta parte hartu izanaren ziurtagiri bana emango zaie partaideei.
Bestalde, euskal sukaldaritza: tradizioa eta bilakaera ikastaroa ere emango da (uztailaren 1etik 5era). Euskal Herriko plateren benetako platera ezagutuko dute partaideek lantegi praktiko eta teknika klasikoen bidez; gainera, gisatuak, saltsak, pintxoak eta gozokiak prestatuko dituzte.
Eta arroza prestatzeko gaitasun handiak eta sukaldaritza-ezagutza sakonak behar direnez, Basque Culinary Centerrek arrozen ikastaro trinkoa ere antolatu du, paellak, arroz krematsu eta lehorrak eta saldak prestatzen ikasteko. Ikastaroa profesionalei zuzenduko zaie, eta espezialitate gastronomiko ezagun hori maisutasunez eta bikaintasunez menderatzeko beharrezko tresnak eskuratuko dituzte. Uztailaren 8tik 12ra egingo da, 9:00etatik 14:00etara, eta parte hartu izanaren ziurtagiria barne hartuko du. Arrozaren aberastasun gastronomikoa esploratzeko aukera paregabea da, eta parte-hartzaileak zereal horren elaborazio-prozesua, kalitatea eta barietateak ezagutzeko gai izango dira ikastaroaren ondoren.
Basque Culinary Center erakunde akademiko aitzindaria eta erreferentea da mundu guztiko gastronomian. Gainera, prestakuntzan eskarmentu handia duten irakasle adituak ditu. Hain zuzen, haiek emango dituzte uda honetan ikastaro eta lantegiak, sari ugari jaso dituen eta ekipamendu onenaz hornituta dagoen eraikin berezi batean, ikasleek modu praktiko eta eraginkorrenean ikas dezaten.
Aurtengo udako prestakuntza-eskaintza guztiari buruzko informazio gehiago izateko, sartu hemen: https://www.bculinary.com/es/cursos-verano