24 Urtarrila 2023
Basque Culinary Centerrek eta CTIC CITAk (Nekazaritzako Elikagaien Zentro Teknologikoak) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute; hitzarmen horren bidez, elkarrekin garatuko dituzte zientzia gastronomikoen, nutrizioaren eta elikagai-zientzia eta -teknologiaren arloko prestakuntzarekin, ikerketarekin eta garapen teknologikoarekin lotutako jarduerak.
Hitzarmen horren bidez, bi erakundeen arteko lankidetza sustatuko da Gastronomia Zientzietako eta Sukaldaritzako Arteen Graduko prestakuntza-jardueran eta Basque Culinary Centerrek eskaintzen dituen masterretan, eta, aldi berean, bi erakundeetako ikertzaileei doktorego-tesiak egiteko aukera emango zaie Gastronomia Zientzietako Doktoretza Programaren barruan. Gainera, hitzarmenaren bidez, ikerketa-proiektuak garatzen dituzten doktore-tesietako batzuen zuzendaritza CTIC CITA eta BCC Innovationen arteko lankidetzaren bidez egin ahal izango da.
Alex Beitia Basque Culinary Centerreko zuzendari akademikoaren hitzetan, “2023a hitzarmen berri hau sinatzearekin hasteak ilusioa egiten digu. Basque Culinary Centerren, hainbat jakintza-arlotan hazten eta sakontzen jarraitu nahi dugu, hala nola zientzia gastronomikoetan edo elikagaien zientzia eta teknologian. CTIC CITArekin batera lan egiteak gure ikerketa-ildoak indartzeko aukera ematen digu, besteak beste, kalitateari, elikagaien segurtasunari edo ingurumen-inpaktua murrizteari dagokienez”.
“Berrikuntza bizkortzeko eta kudeatzeko eredu sendo batekin lan egiten dugu; berrikuntza lineala bilatzen duena eta enpresentzat errentagarria eta jasangarria dena. Gure balio ekarpen handiena taldea osatzen duten pertsonengan dago, diziplina anitzeko taldea osatzen dugu. Hori dela eta, Basque Culinary Center bezalako erreferentziazko zentro baten eskutik lan egitea oso garrantzitsua da guretzat. Hitzarmen honek ikasleen enplegagarritasuna handituko du, zalantzarik gabe, Ctic Cita zentroak integratzen duen ekosistema berritzaileari esker”, adierazi du Clemente Bea CTIC CITAko zuzendariak.
BCC doktoretza-programa
Basque Culinary Centerreko doktoretza-programak gastronomia-zientzien arloko etorkizuneko ikertzaileak prestatzen ditu, goi-mailako sukaldaritzako eta enpresa-sektoreetako profesionalen ezagutza bateratuz, hainbat esparruren garapena bultzatzeko: elikaduraren teknologia, nutrizioa, elikadura funtzionala, nekazaritzako elikagaien ekipamendua. Programa aitzindaria da nazioartean.
Basque Culinary Centerrek, Mondragon Unibertsitateari atxikitako Zientzia Gastronomikoen Fakultateak, gastronomiaren sektorea profesionalizatu nahi du, haren alderdi guztiei balioa emanez. Doktoretzak gastronomia-zientzien arloan sakontzeko aukera ematen du, eta, horretarako, elikadura-zientzien arloan edo kudeaketa, gizarte eta kulturaren arloan espezializatu daiteke.