29 Abuztua 2024
Udazkenari begira, Basque Culinary Centerrek, gastronomiazaleentzako BCC Culinary Club espazioaren bitartez, gazte eta helduentzako jarduera-egitarau zabala eskaintzen du, prestakuntza-esperientzia ludikoen bidez gastronomiaz ikasteko. Ikastaroak eta tailerrak adin guztietako jendearentzat dira, eta Donostiako Gastronomia Zientzien Fakultateko instalazio eta ikasgela profesionaletan egingo dira, 2024ko irailetik abendura bitartean. Zehazki, 70 esperientzia baino gehiago dira; adibidez, dastatzeak, tailer laburrak, ikastaro trinkoak eta showcookingak. Zentroko bertako profesionalek emango dituzte, eta gehienak ostegun- eta ostiral-arratsaldeetan eta asteburu-goizetan izango dira. Hastapen-ikastaro trinkoak sasoiko produktu batzuei buruz —hala nola ehizakia edo hegaluzea—, arrozei eta paellei buruz eta nazioarteko sukaldaritzari buruz, sukaldaritzan hasi nahi duten edo oinarrizko teknikak ongi ikasi nahi dituzten pertsonei zuzenduak. Bestalde, badira “wow efektuan”, euskal sukaldaritza tradizionalaren “jatorrian”, “baratzea mahaira” eramateko moduan eta beste gai batzuetan zentratutako zikloak eta prestakuntza-ikastaroak ere. Gainera, beste behin, BCC Culinary Clubek familian ikasteko aukera ere ematen du, familia osoarentzat propio sortutako ikastaroak eskaintzen baititu. Bestalde, dastatzearen munduan murgiltzea ere eskaintzen du, nazioarteko ardoen edo munduko garagardoen dastatze-saioak daude eta. Prestakuntza-ikastaro nabarmenen artean, gai klasikoak eta berriak daude, publiko eta gustu guztiak gogobetetzeko eta, era berean, sukaldaritzaz haraindi joateko, kultura gastronomikoaren funtsezko zenbait alderdi barne harturik.
BCC CULINARY CLUBEN KATALOGOKO ESPERIENTZIA NABARMENAK
DENBORALDIKO BEREZIA: EHIZAKIAK
Makilak eta harriak erabiliz lehenbiziko tresnak sortu genituenetik izan da ehizakia gizateriaren elikagai. Gaur egun, ez da ezinbestekoa bizitzeko, baina jaki zehatzak eta errezeta espezifikoak bateratzen dituen sukaldaritza-tradizio bilakatu da ehizakia; hala, izaera gastronomiko paregabea du. Ikastaro honetan, produktua garbitzen eta lantzen ikasiko duzu, gero hainbat errezeta prestatu ahal izateko.
DENBORALDIKO BEREZIA: HEGALUZEA
Sasoiko produktuei buruzko ikastaro berezi honek aukera ematen du hegaluzearen munduan sakontzeko, bai eta hainbat modutan prestatzen ikasteko ere, hegaluzearen zaporea nabarmentzen duten errezeta tradizionaletatik sukaldaritzako azken joeretaraino; gainera, produktuari etekin handiena ateratzeko teknikak eta trikimailuak ere irakatsiko dira.
ARROZAREN MUNDUARI BURUZKO SUKALDARITZA-IKASTAROA: Arroza moduaskotan eta askotan prestatzen da mundu guztian, eta ezin konta ahala errezetatan erabil daiteke. Modu praktikoan ezagutaraziko dira arrozaren ezaugarri nagusiak, barietate nagusiak aztertuko dira eta haietako bakoitzaren erabilera egokiena zein den azalduko da. Hori guztia errezeta dibertigarriak eta bitxiak prestatuz landuko da.
ARROZEN IKASTAROA: ARROZ SALDATSUEI BURUZKO IKASTARO BEREZIA: Arroz saldatsuak testura arina du, jariakorra; krematsua, berriz, itsaskorragoa da, likatsuagoa. Sukaldaritza-ikastaro honetan, arroz saldatsuak egiteko teknika ikasi ahal izango da, eta ur-proportzioarekin eta egoste-puntuarekin jokatzen irakatsiko da, plater bakoitzean sendotasun egokia lortzeko.
NAZIOARTEKO SUKALDARITZAKO IKASTARO TRINKOAK, hala nola Street food Vietnam, Ezagutu currya, Ezagutu India, Sushia, Nazioarteko ardoak, Ezagutu Peru, Japonia milenarioa, Argentinako parrilla, Libano aparta, Quicheak, Takoak, Tex-Mex gastronomia, 4 saltsa italiar.
WOW EFEKTUAREN ZIKLOA
WOW EFEKTUDUN EGUNEROKO PLATEREI BURUZKO SUKALDARITZA- IKASTAROA: Zaila izaten da eguneroko jatorduetan pentsatzea eta sortzailea izatea. Horregatik, berariaz diseinatu da ikastaro hau egunero goxo, osasungarri eta desberdin jan nahi eta denbora gutxi duten pertsonentzat.
WOW EFEKTUDUN BARAZKIEI BURUZKO IKASTAROA: Barazkiek ez dute zertan aspergarriak izan. Ikastaro honetan, barazkiak prestatzeko errezetak erakutsiko dira: egosketa-motak, ebakitzeko moduak, zaporeak, aurkezteko moduak eta askoz gehiago! Zapore guztiaz eta aurkezteko modu erakargarriez gozatuz osasungarri jan nahi dutenentzat.
WOW EFEKTUDUN APERITIBOEI BURUZKO IKASTAROA: Ikastaro hau ezin hobea da anfitrioi ona izateko eta etxean egindako WOW efektudun aperitibo erraz eta gozoak eskaintzeko.
JATORRI ZIKLOA: Euskal gastronomiaren, haren jatorriaren, produktuen eta esentziaren balioa azpimarratzen dituen lantegi-zikloa.
JATORRI ZIKLOA: TRADIZIOTIK ABANGOARDIARA:
Lantegi honetan, gastronomiaz dugun ikuspegia aldatzearekin batera aldatu diren platerak ezagutarazi eta prestatuko dira.
JATORRI ZIKLOA: AMONAREN ERREZETAK:
Euskal gastronomiako plater tradizionalenetan zentratuko da prestakuntza-saio hau.
BARATZETIK MAHAIRA IKASTAROA: Bi eguneko ikastaro honetan, Basque Culinary Centerreko baratzea bisitatuko da, eta han jasotako produktuekin plater bikainak prestatzeko aukera izango da.
HAURRENTZAKO SUKALDARITZA IKASTAROA: ZINEMA-PLATERAK (8-12 URTE): Txikientzako ikastaroen artean, ibilbide gastronomiko bat eskainiko da honetan, non haurrek berek errealitatera ekarriko baitituzte haurrentzako film mitikoetako platerik ezagunenak eta gustagarrienak.
NOBEDADEAK: SUKALDARITZA-IKASTAROAK: JOERA GASTRONOMIKOAK: Moda-modan dauden platerak prestatzeko programa, azken joera gastronomikoen berri emango duena eta osagai eta teknika berrienak irakatsiko dituena.
LOTURAK: EUSKADIREN ETA LATINOAMERIKAREN ARTEKO SUKALDARITZA FUSIOA: Euskal gastronomiak latinoamerikarrarekin topo egiten duen tokia. Lantegi honetan, kultura horietako onena konbinatzen duten errezetak ikusiko ditugu, eta zaporez eta tradizioz betetako platerak sortuko. Ezin hobea gure kulturan arakatu nahi eta sukaldaritzako kultura-aberastasuna aurkitzea espero dutenentzat. Gainera, gastronomiarekiko zaletasuna maila globalean sustatzeko asmoz, Basque Culinary Centerrek sukaldaritza-ikastaro berritzaile eta aurreratu bat jarri du abian zale porrokatuentzat, 2025era begira. Ikastaroak sukaldaritza-arloko gaitasun eta teknika aurreratuak eskuratzeko prestakuntza osoa eskaintzen du aditu talde baten eskutik, 3 hilabetez luzatuko diren aurrez aurreko eta onlineko eskolen bidez.
KATALOGO OSOA, INFORMAZIO ZEHATZA ETA IZEN-EMATEAK:
https://www.bculinaryclub.com/es/inicio
BCC Culinary Club
Basque Culinary Center bere gisako ekosistema bakarra da, non prestakuntzak, berrikuntzak, ikerketak eta ekintzailetzak bat egiten baitute, gastronomia garatu eta bultzatzeko asmoz, gastronomiatzat hartuta jaten dugunari eta prestatzeko moduari buruzko ezagutza arrazoitua.
BCC Culinary Cluben bidez (https://www.bculinaryclub.com), Baque Culinary Centerrek espazio bat sortu du sukaldaritzako zaleentzat, eta hitzaldiak, ikastaroak, sukaldaritza- gelak eta errezetak topatzen dira han. BCC Culinary Clubek 160 prestakuntza-esperientzia ludiko baino gehiago eskaintzen ditu urtean, gustu guztietarako eta edozein hartzailerentzat egokiak: neurrira egindako tailerrak enpresetarako eta talde turistikoetarako, kanpalekuak haur eta nerabeentzat eta gizartean gastronomia sustatzeko proiektuak. Haien artean, aipatzekoak dira ikastetxeetan egiten diren tailerrak eta lehiaketak.