28 Martxoa 2023
Zentro hori Basque Culinary Centerrek sortua da, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatua
EDA Drinks & Wine Campus diziplina arteko proiektu bereizi bat da, nazioarteko ikuspegia eta proiekzioa dituena, eta ardoaren eta edarien sektorea indartuko du. Eginahal horretan, ikuspegi integrala baliatuko du, eta, horrekin batera, prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetzaren babesa sustatuko ditu. Zentro hori Basque Culinary Centerrek sortua da, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatua, eta Araban jarriko da martxan 2025ean. EDAk bi egoitza izango ditu, bata Gasteizen eta bestea, berriz, Arabako Errioxan. Uneotan aztertzen ari dira guneok non irekiko dituzten zehatz-mehatz.
Basque Culinary Centerrek hamarkada bat baino gehiago darama nazioarteko erreferentzia gisa gastronomiaren alorreko prestakuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan, eta eboluzionatzen jarraitu nahi du, gastronomiaren zerbitzura diharduen ekosistema gisa. 2011n ibilbideari ekin zionean zeukan espiritu esploratzaile berberarekin jarraitzen du gastronomiaren alorreko 360º-ko ikuspegia zabaltzen, eta aurrera jarraitzen du etorkizunerako proposamenak egiten. Kasu honetan, edarien mundura bideratutako proiektu berri bat jarri du abian, eta ikuspegi berritzaile, transbertsal eta eraldatzailearekin erantzun nahi die sektorearen egungo beharrei.
Zentro aitzindari berria ekonomiaren sektore estrategiko batera bideratutako jakintzan oinarrituko da, eta lankidetza publiko-pribatuaren adibide garbia da: lurraldearen garapen ekonomiko eta soziala sustatuko ditu bikaintasunetik abiatuta, eta ez euskal ardogintza ardoaren alorreko berrikuntza-kultura bultzatuz bakarrik, baizik eta, horretaz gainera, beverage unibertsoaren alderdi guztiak nazioartean esploratuz eta garatuz. Garagardoak, kombuchak, teak, edari destillatuak, allkoholik gabekoak... Finean, mundu zabaleko edarien unibertsoak izango du tokirik EDAn.
Izan ere, mundura begira pentsaturiko proiektu bat da EDA, eta haren helburua izango da sinergiak eta aliantzak sortzea erakunde ospetsuekin, enpresa liderrekin, upategiekin, unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta partner pribatuekin, guztien artean nazioarteko lankidetza-sare bat sortzeko. Hala, ideia berriak sortzeko eta elkartzeko espazio bat eratuko du, zeinaren ardatza izango baita talentua erakartzea eta garatzea, guztia ere berrikuntzan, bikaintasunean, jakintzan eta jasangarritasunean oinarrituta.
Azken buruan, EDA Drinks & Wine Campusen misioa edarien sektorea eraldatzen laguntzea izango da. Berrikuntzaren nazioarteko erreferentzia bihurtzea du xede, eta negozioen, produktuen eta zerbitzuen diseinuan osagai bereizgarri bat emango die enpresei eta erakundeei, kalitate-, jasangarritasun- eta osasun-printzipioen arabera, ikuspegi lokal zein globalarekin, eta garapen ekonomiko eta soziala sortuz.
PRESTAKUNTZA INTEGRALA
EDA Drinks & Wine Campusen prestakuntza-planak bat egiten du gastronomiaren 360º-ko ikuspegiarekin eta diziplina arteko prestakuntzarekin. Ikaskuntza-agertoki horren barruan, ikasleek modu transbertsalean eskuratuko dituzte jakintzagaiei buruzko xehetasunak, hezkuntza-eredu berritzaile eta praktiko baten bidez.
Hori horrela, ikasleei, profesionalei, enpresei eta ekintzaileei zuzendutako prestakuntza-programek 360º-ko ikuspegi global berri bat integratuko dute edarien inguruan. Horri esker, balio anitzeko profil profesional espezializatu berriak sortuko dira, sektorearen arlo guztiak landuko dituztenak, eta zentro horretan trebaturiko pertsonak gai izango dira arlo guztietan berritzeko eta sektorean gertatzen diren kontsumo-, teknologia- eta gizarte-aldaketetara egokitzeko.
Horretarako, proiektu akademikoak prestakuntzarekin lotura duten diziplina guztiak hartuko ditu kontuan (laborategia eta zientziak, sukaldaritza eta abangoardia, aretoa, negozioak, diseinua, turismoa eta aisialdia, historia, soziologia, komunikazioa eta marketina), eta aintzat hartuko ditu, orobat, balio-kateko eragile guztiak (lehengaien ekoizpena, elaborazioa, banaketa eta merkaturatzea; hotelen, jatetxeen eta kafetegien sektorea; eta turismoa).
Era berean, ikasketa-planak begirada transbertsala eskainiko die egungo eta etorkizuneko edari guztiei. Ardoaz aparte, potentzial handia duten beste edari batzuk ere hartuko ditu kontuan; esate baterako, garagardoa, alkoholik gabeko edariak, hartzituak eta destilatuak... Eginahal horrekin, loturak eta sinergiak eraikiko dira, betiere berrikuntza eta jasangarritasuna harturik gako akademiko gisa.
BERRIKUNTZA ETA IKERKETA, HAZTEKO MOTORRAK
EDAk edarien munduari buruzko jakintza aplikatua sortzeko beharra ere jasotzen du, eta ezagutza horren transferentzia bultzatzen du ikerketaren eta berrikuntzaren bidez, bai sektoreko profesionalei zuzendurik, bai balio-katean eta gizartean inplikatutako eragile guztietara bideraturik.
Ikerketan aitzindari izateak abantaila handia eskainiko die mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari eta edari-enpresei, merkatuan lekua egin nahian dabiltzan beste herrialdeen artean. Era berean, jasangarritasuna da sektore horren gakoetako bat, eta ikerketa eta garapenerako ardatz estrategikoetako bat izango da edari-konpainien sektoreari laguntzeko.
EDA lagungarria izango da, era berean, edariek osasunean eta ongizatean dituzten inplikazioei buruzko jakintza zientifikoa zabaltzeko. Horretaz gainera, bestelako zenbait onura ere ekarriko ditu, hala nola sektorearen nazioartekotzea indartzea eta edari nazionalen posizionamendua hobetzea munduko merkatuan, sektore barruko eta sektorearteko lankidetza sustatzea berrikuntza- eta merkaturatze-ekintza bateratuetan, enpresa-kudeaketa modernizatzea eta hobetzea, marketin- eta komunikazio-materialari buruzko ezagutza optimizatzea, eta sektoreko enpresen erresilientzia-gaitasuna babestea eta areagotzea, berrikuntza teknologikoko tresnen bidez.