25 Abuztua 2020
‘ARZAK Since 1897’ filmak inauguratuko du Culinary Zinema
Saileko beste bi mundu-estreinaldiak 'Camí lliure / Free Way' eta 'La receta del equilibrio' izango dira Donostia Zinemaldiak Sundancen emandako eta Cannesko 2020ko hautaketa ofizialean sartutako 'The Truffle Hunters' filmaren nazioarteko estreinaldia hartuko du
Gaikako afariak Basque Culinary Centerren egingo dira eta hamabi chef ospetsuk hartuko dute parte horietan.
ARZAK Since 1897, Asier Altunak Juan Mari Arzak eta haren alaba Elenaren jatetxeari buruz egindako dokumentalak irekiko du Culinary Zinema saila, zeinak Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan beste hiru film luze gehiago izango baititu. Ángel Parraren Camí lliure / Free Way filmean ere familiak garrantzi handia du, eta Raül Balam eta haren ama Carme Ruscalleda chefen arteko harremana erakusten da bertan; Óscar Bernàcerren La receta del equilibrio filmak, berriz, Ricard Camarena sukaldariaren erronka berria agerian uzten digu: konfinamenduaren ondoren bere lokalak irekitzea, hain zuzen. Azkenik, Michael Dweck eta Gregory Kershaw zinemagileen The Truffle Hunters izango dugu, Piemonteko (Italia) trufa zuri gutiziatuaren bila ibili ohi diren adineko pertsona batzuen deskribapena, hain zuzen.
ARZAK Since 1897, Camí lliure / Free Way eta La receta del equilibrio mundu-estreinaldi gisa emango dira Donostian, eta The Truffle Hunters, ordea, nazioarteko estreinaldia izango da.
Asier Altuna (Bergara, Gipuzkoa. 1969) Zinemaldira itzuliko da, hainbat aldiz parte hartu ondoren: Sail Ofizialean Amamarekin (Irizar Saria, 2015) lehiatu zen, Bertsolari (2011) lehiaketaz kanpo aurkeztu zuen eta New Directors sailean eta Euskal Zinemaren Galan Aupa Etxebeste! (Gazteriaren Saria, 2005) eta Agur Etxebeste! (2019) –biak Telmo Esnalekin batera zuzenduak– aurkeztu zituen, hurrenez hurren. ARZAK Since 1897, 2018an Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartu zuena, sukaldaritza tradizionalak egile-sukaldaritza berri bihurtzeraino izandako prozesua aztertzen du, Juan Mari eta haren alaba Elena dira filmeko pertsonaia nagusiak, baina beste sukaldari batzuk ere ageri dira, besteak beste, Ferran Adrià, Pedro Subijana, Joan Roca, Karlos Arguiñano, Andoni Luis Aduriz eta Dabiz Muñoz.
Bestalde, Ángel Parrak (Madril, 1978) Raül Balam sukaldari katalanaren gainditze-istorioa azaltzen digu Camí lliure / Free Way filmean; izan ere, droga-adikzioak gainditu ostean, bere ama Carme Ruscalledaren jatetxe ospetsua zuzentzeko aukera izan zuen, baina bere bideari jarraitzeko eskaintzari uko egin zion. TVEko errealizadore gisa ardura handiko zereginak zituen bitartean, Angel Parrak zinema gastronomikoa ezagutzeko aukera izan zuen Eneko Atxa eta Jiro Ono sukaldariei buruzko Soul (2017) dokumentalean.
Fikziozko eta ez-fikziozko hainbat lanen egile, Óscar Bernàcer (Palma, Espainia, 1978) jada aritu da lankidetzan Ricard Camerenarekin Cuineres i cuiners telesail dokumentalaren hiru denboralditan. Orain, La receta del equilibrio filmean berriz ere izango du chef valentziarra; konfinamenduaren ondoren sukaldariak bere jatetxeak berriro irekitzeko izandako erronka gogorra islatzen da film horretan, baita bere baratzeak, pandemiaren eraginpetik kanpo, bere hazkunde-ziklo naturalari jarraitzen diola ere.
Michael Dweck (Brooklyn, New York) eta Gregory Kershaw (Utica, New York) estatubatuarrak berriro elkartu dira, The Last Race (2018) –elkarrekin zuzendutako lehen film luzea– zuzendu ondoren, The Truffle Hunters sortzeko, Sundance Zinemaldian estreinatu zuten filma, eta Cannesko 2020ko hautaketa ofizialean ere sartu zen, nahiz eta azkenean aurtengo edizio hori bertan behera utzi den, COVID-19aren eraginez. Txakurrekin batera Piemonteko (Italia) basoetan Albako trufa zuri arraro eta preziatuaren bila arakatzen ibili ohi diren laurogei bat urteko gizon batzuei jarraipena egiten die filmak.
AFARI TEMATIKOAK
Lau filmekin batera, afari tematikoak antolatuko dira Basque Culinary Centerren irailaren 21etik 24ra. Baterako sarrerak (emanaldietarako eta afarietarako) datorren ostiralean –irailaren 4an– 9:00etan jarriko dira salgai, 70 euroren truke, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez. Filmak ikusteko sarrerak 7,90 euroko prezioan jarriko dira salgai; irailaren 14tik aurrera erosi ahalko dira 21eko, 22ko eta 23ko emanaldietarako sarrerak, eta 15etik aurrera, berriz, irailaren 24ko saiorako sarrerak.
ARZAK Since 1897 filmari dagokion inaugurazio-afaria (irailak 21) Arzaken prestakuntza jaso eta lan egin duten zazpi chef ezagunen eskutik izango da. Juan Mari eta Elena Arzakek sortutako unibertsoa berriz bisitatuko duen talde-afari bat izango da, omenaldi gisa pentsatua. Hona hemen afarian parte hartuko duten sukaldariak: Leóngo Cocinandos jatetxeko (Michelin izar bat) Yolanda León eta Juanjo Pérez, Murtziako La Cabaña jatetxeko (bi Michelin izar) Pablo González, Donostiako Xarma jatetxeko Xabier Diez, Donostiako Gatxupa jatetxeko Bruno Oteiza, Huelvako Acánthum jatetxeko (Michelin izar bat) Xanty Elías eta Basque Basque Culinary Centerreko irakasle eta hamaika urtez Arzak Jatetxeko sukaldeburu Fernando Bárcena.
Hilaren 22ko afaria Ricard Camarenak emango du. Bi Michelin izarreko Ricard Camarena Restaurant jatetxeko sukaldari valentziarrak bere proposamen gastronomikoa –zaporean eta produktua errespetatzean funtsatua– azalduko du. Sukaldaritza sortzailea da Camarenarena, tradizioarekin konprometitua eta eragin kosmopolitekin, mediterraneotasunarekin eta urtarokotasunarekin zipriztindua. 2018an, Sukaldeburu onena (Gastronomiako Sari Nazionala) izendatu zuen Camarena Real Academia de Gastronomía erakundeak.
Hilaren 23an, Kanpezuko (Araba) Arrea! jatetxeko Edorta Lamo, Soriako Baluarte jatetxeko (Michelin izar bat) Óscar García eta Madrilgo Don Giovanni jatetxeko Andrea Tumbarello chefek trufaren inguruko afari original bat emango dute. Hiru lurraldetako –Piemonteko, Soriako eta Arabako– eta hiru motatako trufetan islatutako hiru ikuspegi gastronomiko desberdin.
Raül Balamek –Carme Ruscalledaren seme eta Momentseko (bi Michelin izarreko jatetxea, Bartzelonan kokatua) sukaldariak–, Culinary Zinemaren edizio honi amaiera emango dion afaria eskainiko du. Carme Ruscalledak sortutako San Pau jatetxearen kontzeptua –El Maresmeko sasoiko produktuetan inspiraturiko sukaldaritza katalan modernoa– jasotzen duen gune gastronomikoa da Moments. Kataluniako sukaldaritza modernoa da.
Afariak COVID-19aren aurkako segurtasun- eta higiene-protokolo zorrotz baten eraginpean diseinatu dira. Afarietan (bai sukaldean, bai aretoan) parte hartuko duten profesionalek NBE espezifikoak eramango dituzte, gel hidroalkoholikoaren banagailuak egongo dira hainbat tokitan, jankideentzako sarrera-fluxu ugari prestatu dira, kutsadura gurutzatua saihesteko, eta afarietara sartzen direnei kontrol zorrotza egingo zaie. Halaber, edukiera 60 pertsonakoa izango da, indarreko araudiari jarraituz, eta mahaiak erreserben arabera osatuko dira, gomendatutako distantzia gordeta. Hori guztia Basque Culinary Center leku segurua dela ziurtatzeko.