Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Ebru Baybarak Basque Culinary World Prize 2023 saria jaso du

16 Azaroa 2023

Gaur arratsaldean, 18:30ean, Basque Culinary World Prize 2023 sariaren entrega-ekitaldia izango da Tabakalerako Prisman. Ebru Baybara chef turkiarrak jasoko du saria, gastronomiatik abiatuta Mardin-en (Siriarekiko mugatik gertu) integrazio kulturalean laguntzeagatik, eta gizarte-garapenaren eta biodibertsitatearen aldeko apustua egiteagatik. Bi hamarkadatan, hainbat ekimenetan parte hartu du: eskualdeko migrazio-krisiari aurre egitetik hasi, eta lurzoruak klima-aldaketaren aurrean suspertzera, edo tragedien ondorengo laguntza humanitarioa eskaintzera, hala nola 2023ko otsailean Turkian izandako lurrikararen ondoren.

 

 

Basque Culinary World Prize sari bakarra da, eta mundu mailakoa, eta Eusko Jaurlaritzak (Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan) eta Basque Culinary Centerrek (gastronomian aitzindaria den erakunde akademikoa) ematen dute. Sariak askotariko arloetan (esaterako, berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikagaien industria, eta garapen sozial eta ekonomikoa) nabarmentzen du ekimen eraldatzaileak abian dituzten chefen lana.

 

Euskadiko agintarien eta elikaduraren sektoreko pertsona ospetsuen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak emango dio 100.000 euroan zenbatetsitako saria Ebru Baybarari. Saria emateko ekitaldiaren aurretik, hauek ere hitz egingo dute: Joan Roca, Basque Culinary World Prize saria emateaz arduratzen den epaimahaiaren presidentea; eta Vicente Atxa, Basque Culinary Centerren Patronatuaren presidentea.

 

Baybarak bat egin du kulturen arteko integraziorako eta lan-munduan sartzeko espazioak finkatzen laguntzen duten ekimenekin, batez ere errefuxiatuei eta lekualdatuei zuzendutakoen kasuan, eta zeharkako konpromiso bat hartu du bere gain, eskualde asaldatu batean ulermena eta bizikidetza hobetzeko.

 

Otsailaren hasieran Siria eta Turkia astindu zituen lurrikara tragikoak munduaren arreta erakarri zuen; bederatzi hilabete geroago, orotariko laguntza premiazkoa da oraindik. Ebru Baybara Demirrentzat, abian zuen lanaren jarraipena izan da laguntza humanitarioan parte hartzea, eta milaka pertsonari hondamendiaren erdian janari beroa ematea, “Gönül Mutfağı” deritzonaren bitartez. Bi hamarkada baino gehiagoan, chefak bere inguruan eragina sortzeko moduak dibertsifikatu ditu, nazioarteko erakundeekin, tokiko gobernuekin, erakunde publiko-pribatuekin eta tokiko kooperatibekin lan eginez. Turismo asko baina jatetxe gutxi zituen Mardin hiriak, eta han sukaldaritza turismoarekin eta garapenarekin lotzen hasi zen, eta bertako emakumeak beren sukaldeak (etxe historikoetan) irekitzera bultzatu zituen, atzerritarrak elikatzeko; horrela, lan-aukerak sortu zituen, eta eskaintza turistikoa sustatu.

 

Geroago, ACNUR eta FAO erakundeek sustatutako sukaldaritzako prestakuntza-programekin bat egin zuen, eta errefuxiatuei lan-aukerak irekitzen saiatu ziren. Gaur egun, From Soil to Plate nekazaritza-garapenerako kooperatiba sustatzen du. Haren bitartez, eskualdeko boluntarioek bertako eta antzinako aleen (hala nola sorgül-a) ekoizpena eta kontsumoa hobetzeko lan egiten dute (xaboiak, marmeladak eta eskulanak egiteaz eta online merkaturatzeaz gain). Diyarbakırreko nekazari-merkatuetarako hondakin biodegradagarriak kudeatzen ere laguntzen du, baztertutako fruta eta barazkiak nekazaritzako ongarriak ekoizteko aprobetxatzeko helburuarekin.

 

Basque Culinary World Prizeren 100 mila euroko diru-zuzkidura baliagarria izango da jendearentzat, ingurumenarentzat eta gizartearentzat onuragarriak diren chefaren ekimenei laguntzeko. Ebru Baybara irabazlearen hitzetan, "Basque Culinary World Prize 2023 Gastronomiaren Nobel saria irabaztea ohore deskribaezina da. Gastronomia arloko aditu garrantzitsuek "sukaldaritzaren indar natural" gisa onartu izateak esanahi izugarria du. Sari hau jasotzea, chef gisa, eta baita emakume turkiar gisa ere Atatürk-ek zehaztutatko bidea jarraituz, gure Errepublikaren mendeurrenean, esanahi handia du niretzat eta nire herriarentzat. Sukaldeak oztopo fisikoak gainditzen ditu, eta garrantzitsua da lurretik platerera doazen jaki, prozesu eta pertsona inplikatu guztiak ezagutzea. Hortaz ohartu nintzen Basque Culinary World Prize 2017an ezagutu nuenean. Sari hau bidaia horretan lagundu zidatenean beren bizitza aldatu zuten emakumeei dedikatzen diet; baita  Turkiako etorkizuneko gastromoei, geografia leku ederrena dela iradokitzeko; eta nire familiari eta filosofia bera duten lagun guztiei".

 

Ebru Baybara munduan eragin handiena duten chefetako batzuek aukeratu dute. Chef horiek Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluaren ordezkari dira. Joan Roca (Espainia-El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiaren presidentea, eta beste chef ospetsu batzuek ere parte hartu dute, hala nola hauek: Yoshihiro Narisawa (Japonia), Michel Bras (Frantzia), Gastón Acurio (Peru), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (AEB), Trine Hahnemann (Danimarka), Elena Reygadas (Mexiko), Pia León (Peru), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina) eta ThiTid Tassanakajohn (Ton) (Thailandia).


Ekimen eraldatzaile bat

 

Basque Culinary World Prize saria 2016an eman zen lehen aldiz, gastronomiak nola eralda dezakeen erakusten duten lekukotzak biltzeko. Sariak bikaintasunerako bokazioa duten gizon eta emakume ekintzaileen lana nabarmentzen du; berritzaileak eta sortzaileak dira, saiatuak, baina, batez ere, gizartearekin konprometituta daude.

 

1.200 izendapen eta 42 herrialdetako 800 izendatu baino gehiago aztertu ditu prentsak “Gastronomiaren Nobela” izena eman dion eta nazioarteko prestigiodun akademikoek eta adituek —tartean sukaldari garaikiderik onenetako batzuek— babesten duten sari honek.

 

Gastronomia hainbat arloren motor bihur daitekeela —gizarteratzearena, jasangarritasunarena eta hezkuntzarena, besteak beste— erakusten duten mundu osoko chefak izendatzen hilabete baino gehiago jardun zuten industriako eta sektoreko profesionalek eta erakundeek. Basque Culinary Centerrek, berriz, lantalde bat jarri zuen abian, hainbat profil bilatzeko eta egiaztatzeko prozesu sakon bat egin zezan.

 

Ekainaren 7an, Basque Culinary World Prizek iragarri zuen Ebru Baybara izan zela Basque Culinary World Prize 2023 sariaren irabazlea, eta bi aipamen berezi ere egin zituen. Horrela, berriz ere agerian utzi zuen gaur egungo erronkak ikusgai jarri nahi dituela, eta bikaintasunerako bokazioa duten chef ekintzaileen profilak identifikatu: chef berritzaileak, sortzaileak eta saiatuak, beren komunitatearekin konprometituak eta gastronomiaren fenomeno iradokitzaile eta kutsakorraren adibide direnak.

 

Horregatik, Ebru Baybararen lanaz gainera, epaimahaiak beste bi chefen lana aintzatetsi du, eta aipamen bereziak egin dizkie Nicole Pisaniri (Erresuma Batua), ikastetxeetako haurren elikadura ulertzeko modua goitik behera aldatzeagatik eta lehen hezkuntzako eskoletako catering-zerbitzu kolektiboa berritzeagatik, haurren gorputza eta burua elikatzeko; eta Heidi Bjerkani (Norvegia), ekonomia zirkularrean oinarritutako sukaldaritza-eredu ugari ezartzeagatik, gizarte-errealitatearekin konprometitutako gastronomia, ekoizle txikiak, gizarte-ekintzaileak eta hezitzaileak bilduz.

 

Urtero, Basque Culinary World Prizek, irabazlearen eta aipamen berezien bidez, mezu bat bidaltzen du, jende guztia konturatu dadin zenbat arlotan lagundu dezaketen sukaldariek. Aurten, elikagaien segurtasuna izan da hizpide, baita immigrazioarekin lotutako gizarteratzea eta talentuaren dibertsifikazioa ere, besteak beste.

Desarrollado por: GureMedia