29 Urtarrila 2025
EDA Drinks & Wine Campusek definituta dauka bere prestakuntza-proposamena. Basque Culinary Center – Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultateak Gasteizko eta Laguardiako egoitzetan eskainiko du prestakuntza; eta, hezkuntza-katalogoaren barnean, ardogintzari eta edarigintzari buruzko unibertsitate-gradu bat, sei master (horietako bi unibertsitarioak) eta zenbait espezializazio-ikastaro aurreikusten ditu. Juan Ignacio Pérezek, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak; Amaia Barredok, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak; eta Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak; Arabako campuseko prestakuntza edukia aurkeztu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Nagusian, Lakuan. Proposamen hori sortzeko, sektoreari aktiboki entzutea izan da oinarria, eta haren aukerei eta erronkei erantzuna ematea. Gainera, EDA Drinks & Wine Campusek azterketa sektorialak egin ditu, aukerak eskaintzen dituzten esparruak identifikatzeko. Ildo horretan, edarigintza-sektoreak zer prestakuntza-premia dituen aztertu dute. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “bikaintasun akademikoa lortu nahi izan da une oro, eta, bide horretan, programa berritzaileak prestatu dira sektorearen eraldaketa gidatuko duten profesionalak ikuspegi globalarekin trebatzeko. Erronka handiko bide-orri bat prestatu dugu: nabarmentzekoa da nazioartean parekorik ez duen unibertsitate-gradua, zeinaren azken helburua baita jakintza etengabe transferitzea ardogintza- eta edarigintza-sektorera”.
Honen harian, aurkezpenean, Unibertsitateetako Sailburua den Juan Ignacio Pérez Iglesiasek adierazi duenez, “proiektu berritzailea da, izan ere, bere helburua da ezagutza transferitzea – zuzenean sektorerako produktuak eta prozesuak berrituz – eta, zeharka, pertsona kualifikatuak prestatzea arlo berrietan. Horregatik, helburu du nazioarteko erreferentzia-polo bihurtzea, eta horrela talentudun pertsonak erakartzea, sektorean eraldaketa eta inpaktua egiten duten profesionalak”. Era berean, Pérezek “proiektu honek erakusten du zientzia eta berrikuntza ez direla bakarrik XXI. mendeko produktuak eta prozesuak” azpimarratu du. Bere hitzetan, “adibiderik onenak gutxi izango dira, berrikuntza bat gertatzen denean; hala nola, ardoa, ekoizpena gizateriaren lagun izan dena, zibilizazioaren agerpenetik”. Amaia Barredo, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, honakoa nabarmendu du: “Lehen sektoreak garrantzi estrategikoa du gure herriarentzat, Euskadiko kohesiorako elementu gakoa da, eta gure oreka bermatzen duen ardatz ezinbestekoa”. “Lehen sektore honek, Europako Batasunaren zati handi bat bezala, ez dago bere une onenean; eta horregatik, Eusko Jaurlaritzatik eta Foru Aldundietatik, eguneratzeko, berritzeko eta modernizatzeko lanean ari gara. Landan, ukuiluetan, sasietan eta mahastietan agertzen den arazo bakoitza aztertu eta kudeatzen dugu sail honetan. Horregatik, Arabako Errioxa- Araba eta Euskadi osorako- kokapen berri bat sustatzen dugu, hau da, bikaintasunez eta berrikuntzaz betetako lurralde bat”, gehitu du Barredo Sailburuak. Barredok dioenez, “egitasmo hau elikagai eta edari katearen balio guztiekin elkarlanean eta entzuten egiten da. Urrats berriak ematen ari gara, ausardiaz beteta eta nazioarteko erreferentzia islatuz. Ardoaren munduan, Arabako Errioxak gure tradizioa eta lehen sektorearekin dugun lotura adierazten du: gure funtsa, balioak, kultura, bikaintasuna eta gure identitatea herri gisa. Egitasmo honek posizionamendu berri bat eskaintzen du nazioartean”.
“Lehen sektorea gizartearen zutabe garrantzitsuetako bat da. Gure herrialdearen kohesio sozialerako, jasangarritasunerako eta lurralde garapenerako ezinbesteko elementua da. Euskadik gastronomian bikaintasunaren eta berrikuntzaren arloan duen ospe global ona berme bat da ekimen honetarako. Formatzeko, ikertzeko eta ekoizteko lurralde bat da", gehitu du Amaia Barredok prentsaurrekoan. Sailburuaren hitzetan, “Euskadi nazioartean elikagaien sektore berrien liderren artean dago, eta Eusko Jaurlaritzatik – hemen gaude gaur haren sailetako bi – ekintzailetza- eta berrikuntza-ekimenak sustatzen ditugu elikagai-kate osoan. ‘EDA Drinks and Wines Campus’ talentua erakartzeko, prestakuntza espezializatua eskaintzeko, ekintzailetza eta berrikuntza indartzeko eta sektorean ezagutza transferitzeko ikerketa-ildoak garatzeko giltzarri izango da”. Bere aldetik, Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak, honako hau adierazi du: “Mondragon Unibertsitatean, hezkuntza integral eta global baten garrantzian sinesten dugu. EDA Drinks & Wine Campus proiektuak Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza eskaintza indartzen du, gure ikasleei eta profesionalei ardoaren eta edarien sektorean espezializatzeko aukera eskaintzen dielarik, sektore berritzaile eta eraldatzaileetan sartzeko prestakuntza emanez. Basque Culinary Centerrek, gure Gastronomia Zientzien Fakultateak, eta EDA Drinks & Wine Campusek sektorearen lehiakortasuna hobetzen dute; ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza sustatuz, horiek baitira gure unibertsitatearen ikuspegiaren funtsezko oinarriak.”
PRESTAKUNTZA ESKAINTZA
Prestakuntza-eskaintzaren barruan, unibertsitate-gradu bat, sei master (horietako bi unibertsitarioak) eta espezializazio-ikastaroak aurreikusten dira. Gainera, proposamen akademiko gehiago ere sartu ahalko dira etorkizunean, prestakuntza globala eta transbertsala eskaintzeko, betiere edarigintza-sektorearen balio-kateko eragile guztiak inplikaturik. EDA Drinks & Wine Campusek Aditu Batzorde bat du, balio-kateko maila guztietako ordezkariekin. Batzorde horrek, erakundeari aholkularitza eskaintzeaz gainera, ikuspegia eta ideiak ere ematen dizkio. Jakintza hori bera hartu da oinarritzat, halaber, prestakuntza-eskaintza diseinatzeko. Proiektuari esker, profil profesional berritzaileak garatzeko programak eskainiko zaizkie etorkizuneko ikasleei, eta, horien bidez, bermatuta dago jakintza-transferentzia, guztia ere komunitate-ikuspegian, transbertsaltasunean eta diziplinarteko elkarrizketan oinarriturik.
ARDOGINTZAKO ETA EDARIGINTZAKO UNIBERTSITATE-GRADUA
EDA Drinks & Wine Campusen proposamen apurtzaileenetako bat Ardogintzako eta Edarigintzako Unibertsitate Gradua da: munduan bakarra, eta aitzindaria sektorearen ikuspegi holistikoari dagokionez. Joxe Mari Aizegak adierazi duenez, “ibilbide-orri oso zorrotz bati esker eratu da prestakuntza hori, bikaintasun akademikoan oinarrituta eta Basque Culinary Centerren metodologia kontrastatuari jarraituz”. Etengabe aldatzen ari den sektore baten beharrei erantzuteko diseinatu da gradu hori. Berrikuntza eta bikaintasuna dira gradu horretako irakasgaien oinarria, eta, horri esker, unibertso horren ikuspegi orokorra eskuratuko dute ikasleek. Hori guztia Learning by Doing edo eginez ikastea filosofia baliaturik egingo da; hau da, Basque Culinary Centerrek bere trebakuntzan baliatzen duen metodologiari jarraikiz. Finean, praktika izango da ikasketen muina. Gradu horren bide-orria zehaztuta badago ere, lehen edizioa 2027-28 ikasturterako dago aurreikusita. Prestakuntza hori Gasteizko egoitzan eskainiko da, mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari buruzko gaiei buruzko moduluak izan ezik, horiek Laguardian eskainiko baitira.
SEI MASTER ETA GRADUONDOKO
Ardogintzako eta Edarigintzako Unibertsitate Graduaz aparte, EDA Drinks & Wine Campusek unibertso likidoaren inguruko sei master eskainiko ditu. Hona hemen sei proposamenak:
Edarien Berrikuntzako Unibertsitate Masterra. Edarien kontsumoari buruzko korronte berri baten parte izan nahi dutenentzat pentsatua. NoLo edariei buruzko modulu espezifikoak izango ditu. Ikasgai-zerrendak ikuspegi globala eta transbertsala du, eta, ikuspegi osoa emateaz gainera, berrikuntza-aukerak detektatzeko eta bultzatzeko ere balioko du.
Mahastizaintzako eta Enologiako Unibertsitate Masterra. Beste proposamen konbentzionalago batzuetatik harago doa, berrikuntza, digitalizazioa eta jasangarritasuna uztartzen baititu.
Garagardogintzako Berrikuntza eta Teknologian Etengabeko Prestakuntzako Masterra. Prestakuntza hori Garagardogileen Elkarte Nazionalarekin batera diseinatua da, eta sektorearen eskaerei eta eskakizunei erantzuten die, berrikuntza ardatz harturik. Hala, punta-puntako ikasketak izango dira mundu osoko eskaintzan.
Destilatuei buruzko Etengabeko Prestakuntzako Masterra. Diziplina anitzeko ikuspegi integralarekin, ikasleek 360º-ko panorama lortu ahalko dute sektoreari buruz. Hala, gai izango dira sektorearen erronka handienetako batzuei soluzioak emateko, hala nola jasangarritasunari, digitalizazioari eta kontsumo-praktika arduratsuei.
Sommeliergintzako Berrikuntzan Etengabeko Prestakuntzako Masterra. Teknologia, jasangarritasuna eta azken joera gastronomikoak gaineratuko dizkie sommelierren arte eta zientziari. Itzal handiko jatetxe eta elaborazio-guneekin aliantzak egin ondotik, prestakuntza honek sommeliergintzari buruzko ikuspegi integratzailea eskaintzen du, edari-mota guztiekin pentsaturik: ardoak, destilatuak, garagardoa, kafea, tea, sakea, NoLo edariak...
Negozioak Garatzeko eta Ardoa Merkaturatzeko Etengabeko Prestakuntzako Masterra. Arreta berezia jarriko du negoziazio komertzialean, brandingean eta arrakasta-kasuen azterketan, eta merkatuan nabarmentzea sustatuko du. Modulu espezifikoak izango ditu sektorea digitalizatzen sakontzeko edo merkataritza elektronikoa sustatzeko, eta datu eta analitika aurreratuak baliatuko ditu horretarako. Jasangarritasunari eta gizarte-erantzukizunari buruzko gaietan ere sakonduko du. Gradu-ikasketen kasuan bezalaxe, master horiek Gasteizen eta Laguardian emango dira: Arabako hiriburuko egoitzan unibertso likidoari alderdi guztietan aplikatzen zaizkion ikasketak egingo dira, eta Laguardiakoak, berriz, ardogintzaren munduan espezializatu nahi duten ikasleak hartuko ditu. Izan litezkeen irteera profesionalei dagokienez, ardoaren eta edarien sektoreak lanbide ugari biltzen ditu, eta aukera zabala eskainiko die prestakuntza hori egiten duten ikasleei. Horrenbestez, prestakuntza-programek profil espezializatu ugari jarriko dituzte lan-merkatuan: elikagai eta edarien zientzietako ikertzailea; upategi, garagardotegi edo sagardotegiko gerentea; zuzendari teknikoa; garagardogintza-prozesuetako zuzendari teknikoa; garagardo-enpresetako erosketa-zuzendaria; garagardogintzako esportazio, inportazio eta merkataritzako zuzendaria; garagardo-maisua, garagardogintza-gerentea; destilazio-gerentea eta master distillerra; destilazio-enpresako erosketa-zuzendaria; destilazio-prozesuetako zuzendari teknikoa; destilatuetako esportazio-, inportazio- eta merkaturatze-zuzendaria; upeltegiko gerentea; upeltegiko zuzendari teknikoa; mahastizaintzako arduraduna, enologoa, mikrobiologoa edo zientzialari sentsoriala; jatetxeko edo upeltegiko, garagardotegiko edo destilategiko sommelier-taldearen arduraduna; edarietako trebatzailea; merkaturatze-zuzendaria; esportazio- eta marketin-zuzendaria; upeltegi eta/edo denda espezializatuetako erosketa-arduraduna; edo upeltegietako controllerra, besteak beste.
ESPEZIALIZAZIO-IKASTAROAK
EDA Drinks & Wine Campusek espezializazio-ikastaroak ere eskainiko ditu. Oraingoz, sagardoari buruzko prestakuntza, Kafeari buruzko Ikastaro Aurreratu bat eta NoLo edarien unibertsoarekin lotutako ikastaro bat daude baieztatuta. Etorkizunean, zaleentzako prestakuntza-saioak ere eskainiko dira, Basque Culinary Centerrek Donostiako fakultatean egiten duen bezala. Ekosistema horri guztiari dagoeneko errealitate diren eta EDA Drinks & Wine Campusek abian dituen prestakuntzak gehituko zaizkio, hala nola Sommeliergintzako Masterra eta WSET Ikastaroaren 1., 2. eta 3. mailak. Hala, EDA Drinks & Wine Campusek hezkuntza-eskaintza paregabe bat antolatu du, beste ezeren gainetik 360 graduko ikuspegia eta berrikuntza jarrita, bikaintasuna premisa nagusitzat hartuta eta Basque Culinary Centerrek eta Mondragon Unibertsitateren Gastronomia Zientzien Fakultateak eskaintzen duten segurtasunarekin. EDA Drinks & Wine Campus Basque Culinary Centerrek gidatutako eta garatutako ekimen bat da, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatua. Eta, orain, Gasteizko Udalak ere bat egin du ekimenarekin. Haren egitekoen artean, nabarmentzekoa da garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatzea edarien eta ardoaren bidez, eta, horretarako, talentua erakartzen eta prestakuntza espezializatua eskaintzen ahaleginduko da Basque Culinary Centerrekin batera (Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzien Fakultatea). Era berean, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea aurreikusten du, bai eta jakintza sektorera transferitzeko ikerketa-ildoak garatzea ere, guztia nazioarteko proiekzioarekin, ikuspegi integrala baliatuz eta bikaintasunean oinarrituta. EDA Drinks & Wine Campusek proiektu aitzindari bat osatuko du nazioartean, ikuspegi irekiarekin. Bere bi egoitzetan, ardogintza- eta edarigintza-sektorea eraldatzen lagunduko du, berrikuntzaren nazioarteko erreferentzia bilakatuko da, eta enpresei osagai bereizgarri bat eskainiko die. Balio-kate osoan —lehengaiak, produktuen eta zerbitzuen elaborazioa eta diseinua, kudeaketa, merkaturatzea, negozioen diseinua eta abar— kalitatea, jasangarritasuna eta osasuna izango dira printzipio gidariak, guztia ere ikuspegi globalarekin eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatzera bideratuta.