13 Maiatza 2022
Nazioarteko lehiaketa egin da Donostiako GOe – Gastronomy Open Ecosystem eraikina egiteko obren zuzendaritza adjudikatzeko, Basque Culinary Center-ek antolatuta, eta Danimarkako BIG (Bjarke Ingels Group) arkitektura-estudioaren “Olatuen bidea -Camino de las Olas” proposamenak irabazi du lehiaketa. Espazio horrek lotura bat sinbolizatzen du, gastronomiaren, talentuaren, zientziaren, berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta hiriaren arteko lotura.
Aurkeztutako proiektuen maila handia dela eta, epaimahaiak eztabaida bizia izan du, eta, azkenean, proiektu horren alde egin du, arrazoi hauengatik: arkitekturaren aldetik duen berezitasuna; eraikina ingurunean integratzeko modua; eta inguruko espazio publikoak hobetzeko duen gaitasuna, jarduera eta izaera propioz hornitzen baititu, herritarren arteko elkarreraginerako eta harremanetarako gune berriak sortzeko. BIG estudioak jakin du egoki erantzuten, diseinuaren ikuspuntutik, GOe-ren xedeari: gastronomiaren mugak berritu eta aztertzea, gastronomiaren etorkizuna lankidetzazko modu batean eratzeko.
GOe-ren funtsari jarraikiz, BIG estudioak eraikin-tipologia berri bat sortzen du, zeina metafora bihurtzen baita, lurraldetik abiatzen den ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza gastronomikoa sinbolizatzen duena; hirian sustraituta dagoen eta haren erreferenteez eta tradizioaz hornitzen den espazio bat. Talentuaren, sorkuntzaren eta ezagutzaren arteko harremanak bateratzen dituen eraikina da, eta herritarrentzako topaleku bihurtu nahi du, ingurune berriak eskainiz gizarte-bizitzarako, kulturarako, ikerketarako eta gastronomiarako.
Olatuen bidea
Arrazoi hauengatik aukeratu da “Olatuen bidea -Camino de las Olas”, proiektua, zeinaren izena kanpoko silueta bereziari zor baitzaio: ingurunean integratzeko modua, jasangarritasuna, espazioen moldakortasuna eta funtzionaltasuna. GOe-n batera biziko diren premia aldakorrekin bat datorren espazio bat da.
Munduan parekorik ez duen talentu-kontzentrazio bat izango da GOe: gastronomiaren sektore zabalean ikerketarako, berrikuntzarako, esperimentaziorako, ekintzailetzarako eta graduondoko prestakuntzarako jarduerak egiteko leku bat. Eraikinak, gainera, jasangarritasuna eta paisajismoa ditu funtsezko balioen artean. “Gure etxean, Kopenhagen, NOMA jatetxerako garatu genuen diseinuarekin, plazer handia izan genuen Rene Redzepirekin lankidetzan aritzeko, gastronomia modernoaren bururik distiratsuenetako bat baita. Donostian GOe-rentzat (Gastronomy Open Ecosystem) egindako lan honekin, irrikaz gaude gastronomiaren eremu guztiaren azterketa arkitektonikoa goragoko maila batera eramateko. Hiri-paisaiaren arkitekturazko luzapentzat hartuta, gure proposamenak espazioa askatzen du eta parkeak eskaintzen ditu teilatuan, herritarrei gonbit egiteko, gastronomiaren artearekin eta zientziarekin parte har dezaten. Done Jakue Bidea igarotzen den ibilbidean kokaturik, uste dugu gastronomiaren eta teknologiaren, hiriaren eta naturaren, eta eraikinaren eta parkearen arteko bategite arkitektoniko horrek aukera handia duela mundu osoko sukaldaritza-erromesen helmuga bihurtzeko”, onartu du Bjarke Ingels-ek, BIG-Bjarke Ingels Group-eko fundatzaile eta Sormen Zuzendariak.
Gros auzoko lursail batean dago eraikina eta orografia hori aprobetxatu egiten da, gainera, eraikina taxutzeko, Basque Culinary Center zentroaren egoitzan bezala. GOe-k plaza publiko berri bat sortzen du, gastronomiaren eta hiriaren arteko topagune eta solasgune. Gainera, eraikinaren olatuek terraza ireki gisa jokatzen dute, eraikinaren barruan gertatzen dena kanpoaldearekin lotzen dutela. Hiriarekin elkarrizketan ariko den eraikin bat da, eta bera txertatuta dagoen hiri-eremua indartuko duten zenbait espazio eskainiko ditu.
Sarbideen taxuketa, eremuen solairukako banaketa, auditorio-harmaila balioaniztun baten proposamena eta GOe-ko jardueraren elementu egituratzaile gisa erakusketa-espazio bat izatea eremu guztiak elkartu eta antolatu nahiaren ondorio dira, eta, aldi berean, “Olatuen bidea -Camino de las Olas” osatzen duten piezen arteko interakzioa bideratzen dute.
Hain zuzen, proposamenaren ezaugarri positiboenetako bat da jakin duela espazio hori koherentziaz integratzen ingurune natural eta kulturalean, hiriaren testuingurua kontuan hartuta, are lurraldea eraikitzeko ohiko materialak ere. Adibidez, eraikuntza-erreferentziak hartu ditu Done Jakue bidetik, Eduardo Chillidaren Donostiako eskultura nabarmen batzuetatik edo Flysheko egitura arrokatsuetatik, eta horiek denak ikus daitezke eraikina osatzen duten materialetan eta geometrietan.
Era berean, lorategiz hornitutako estalkia, mendiaren luzapen gisa, eta terrazak, aukerabide izango dira gaur egun partzelak duen parke-izaera mantentzeko, eta Nafarroa etorbidearen mailan proiektatutako plaza berria sortzeak, kokatzeak eta handitzeak hiriarekiko lotune bat eskainiko du.
Eraikuntza-lanaren beste elementu nagusietako bat eraikinaren bizkarrezurra osatzen duen gunea izango da, zeinak espazioak lotuko baititu, “zelaitik mahaira” esaldi ezagunari esanahi fisikoa emanez, plazako “merkatu” sinbolikoan tokiko produktuak lortzeko aukera ematen baitu, sukaldeen, ikasgelen eta laborategien prestakuntzan berrikuntzak eginez, bidean zehar eta, ibilbidearen amaieran, jatetxeko platerean. “GOe eraikina eta haren espazio publiko eta pribatuak sukalde bikain baten modularitatetik abiatuta taxutu ditugu; alde horretatik, fatxadak, zeina teilatura iristen baita, lortzen du neurri batean paisaia eta eraikinaren espazio publikoak zabaltzea, eta, hala, eraikinaren barnealdeak nahiz kanpoaldeak mugimendu etengabean bezala egoteko gaitasuna dute. Lurretik leunki gora altxatuz, GOe Donostiako “herritar eta hiritar ona” izango da, eta gastronomiaren aurkikuntza globalerako leiho bat eskainiko du, aldi berean gune publiko, plaza, parke eta begiratoki berriak sortzen dituela” adierazi du João Albuquerquek, BIG Bartzelona-ko Partnerrak.
Gainera, GOe pentsaera berritzailez diseinatuko da, eremu bakoitzaren aldakortasuna kontuan hartuz eta espazioaren konfigurazioaren aldetik erabateko malgutasuna eta modularitatea emanez; aukera emango du gela bat eraldatzeko eta, altzari mugikorrak erabiliz, sukalde, laborategi edo are prototipatze-espazio bihurtzeko. Exekuzio-proiektua 9 hilabete inguruko epean garatu beharko da, eta, horren ondotik, 2023ko martxoan hasiko dira obrak. 2024aren amaieran bukatzea aurreikusten da. Gainera, tokiko sortzaileekin parte hartzeko prozesu bat aktibatzea aurreikusten da, haiek eraikinaren garapenean integratzera bideratua.
Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak azpimarratu duenez, “GOe - Gastronomy Open Ecosystem” eraikina Basque Culinary Center-en etorkizuneko estrategia da, Gastronomía360 ikuspegian oinarritua. Gune horretan, talentua, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza biltzen dira, xedetzat harturik gastronomiaren mugak eta etorkizuna aztertuko dituen nazioarteko erreferentzia bihurtzea. "Olatuen bidea - Camino de las Olas" proposamenak GOe espiritua irudikatzen du, espiritu ireki, kolaboratibo eta parte-hartzailea. Hirian integratzeaz gain, elkarrizketarako eta harremanetarako gune berriak sortzen dituen eraikina da. Proiektu horrek, lankidetza publiko-pribatuari esker, indartu egingo du Donostiaren posizionamendua, gastronomiaren etorkizunerako sorkuntza- eta berrikuntza-lurralde gisa”.
Arantxa Tapiak, Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, hau nabarmendu du: “Eraikin berezi bat ezagutu dugu gaur, proiektu orobat berezi bat hartuko duena barruan. The Food Global Ecosystem ekimen publiko-pribatuaren funtsezko palanka da GOe. Ekimen horretan, beste 60 enpresarekin baino gehiagorekin lan egiten dugu berrikuntza proiektuak, talentu ekintzailea eta nekazaritzako elikagaien arloko startup-ak erakartzeko. Enpresak eta pertsona ekintzaileen beharrak dira ekosistemaren jardueraren muina. Proiektuaren irismena eta asmoa globalak dira, eta lortu nahi da berrikuntza teknologikoaren eta elikaduraren arloko ezagutzaren arloan Euskadi erreferente nagusietako bat izatea munduan epe ertainean.
Gaur egun, izaerari, irismen geografikoari eta jarduera-azpisektoreari dagokienez, mota guztietako enpresek hartzen dute parte proiektuan. Ordezkatuta daude horniketa-kate nagusiak, hala nola esnekiak, arrainak, haragikiak eta barazkiak, eta parte hartzen dute, halaber, ekipamendu-ondasunen fabrikatzaileek ere, sektorea teknologikoki eraldatu ahal izateko. Bazkide guztiek ETEak erakartzeko gaitasun handia dute, eta oreka lortzen ari gara sektorearen eraldaketan parte hartzen duten enpresa handien eta txikien artean. Guztien artean 12.000 M€-ko fakturazioa dute eta 41.000 pertsona baino gehiago enplegatzen dituzte”.
Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, gogorarazi du lurralde osoa “garrantzi handiko apustu berritzaileak” egiten ari dela datozen hamarkadetan “lanpostuak eta jarduera ekonomikoa bermatuko dituzten sektoreak indartzeko”. “Duen tradizioari eta urteetan metatutako talentuari esker, eta Basque Culinary Center-ek egindako lanari esker, Gipuzkoa nazioarteko erreferente bat da gastronomiaren eta elikagaien sektorean, hori dena berrikuntza- eta kalitate-balioekin uztartuta. GOe-k aukera emango digu jauzi bat egiteko etorkizuneko gastronomian erreferente izateko grinan”, esan du.
Donostiako alkateak, Eneko Goiak, esan du Gastronomy Open Ecosystem proiektua mugarri berri bat izango dela hirian. Lehenik eta behin, "arkitekturaren ikuspuntutik, goi mailako proiektua ekarriko duelako, hirian erreferentzia berri bat eraikiz eta Gros-eko ingurunea hobetuz". Bestetik, "Basque Culinary Center bezalako proiektua indartuko duelako, talentua erakarriz, Donostia, Gipuzkoa eta Euskadi gastronomiaren munduan eragile aitzindari bezala sendotuko duelako".
"Donostiak badu toki bat munduan, eta batez ere, gastronomiaren munduan. Lorpen horren parte haundi bat Basque Cuinary Center ekimenari esker izan da. Orain, beste urrats haundi bat eman nahi dugu, eta sukaldaritza eta gastronomian bide berriak ireki nahi ditugu. Aitzindariak izan ginen, izan gara, eta izaten jarraitu nahi dugu", adierazi du Goiak.