Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Donostiara itzuliko da OMTren Turismo Gastronomikoko Munduko Foroa

12 Iraila 2023

Turismo Gastronomikoari buruzko Munduko Foroa Donostiara itzuliko da (urriak 5-7). Turismoak landa-garapena nola bultzatu, erresilientzia ekonomikoa nola sortu eta ondare kulturala nola zaindu ditzakeen aztertuko dute oraingoan.

“Turismo gastronomikoa: sustraietara itzultzea” izango da Foroaren lema, eta produktuaren, gastronomiaren eta turismoaren arteko loturetan zentratuko da. Hiru egunez, industriako profesionalek, adituek eta erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute mahai-inguruetan, hasiera-hitzaldietan, lantegi praktikoetan eta sukaldaritza-erakustaldietan, chefekin eta tokiko eta nazioarteko ekoizleekin batera.

Sektoreko liderrentzako foro nagusia

Gastronomiako eta mundu mailako turismoko figura garrantzitsu ugari izango dira ekitaldian; besteak beste, Qu Dongyu, FAOko zuzendari nagusia; Paolo Di Croce, Slow Foodeko (Italia) zuzendari nagusia; Célia Tunc, Collège Culinaire de Franceko idazkari nagusia; Fatmata Binta, 2022ko BCWP sariaren irabazlea, zeina Turismo Jasangarrirako OMTren enbaxadore izendatuko baita ekitaldian; eta hainbat herrialdetako (Brasil, Kroazia, Ekuador, Espainia, Frantzia, Ghana, Italia, Korear Errepublika, Ruanda eta Suitza) hizlariak.

Gainera, foroan parte hartzen dutenek aukera izango dute tokiko gastronomia bizi eta dastatzeko diseinatutako bost txangoren artean aukeratzeko: “Arabako Errioxa, bikaintasun enoturistikoa”, “Euskal Herriko landa-inguruneko zaporeak eta Idiazabal gaztaren lurraldea”, “Urola Kosta: arrantza, herri, paisaia eta zapore miresgarriak”, “Mendizko itsasoa, Gorbeialdea eta Arratia bailara” eta “Bizkaia – Urdaibaiko kostaldea”.

Sukaldaritza-tradizioak mantentzearen garrantzia azpimarratuko du edizio honek eta, halaber, dieta mediterraneoa UNESCOren Kultura Ondare Immaterialean sartu zeneko hamargarren urteurrena ere ospatuko du. Gainera, Culinary Plaza ekitaldi paraleloan (Basque Culinary Centerrek antolatzen du) Azerbaijan, Botswana, Porto (Portugal), Saudi Arabia, Zimbabwe eta beste herrialde batzuetako sukaldaritza-espezialitateak nabarmenduko dira. Tabakaleran izango da Foroaren egoitza, eta hara joateko aukera izango dute donostiarrek.

Gainera, Foroaren testuinguruan, Gastronomiako Pitch Challenge bat antolatu du OMTk Culinary Action-ekin batera (Basque Culinary Centerreko ekintzailetza-saila) ; OMTren startupen lehiaketetako finalistekteknologian oinarrituta turismo gastronomikoa bultzatzeko landu dituzten proposamen eta soluzio berritzaileak aurkeztuko dituzte. Ongietorria egiteko eta mundu guztiko partaideak konektatzeko, formatu hibridoa izango du Foroak.

Jasangarritasuna bultzatuz

Turismoaren sektorean alferrik galtzen diren elikagaien kantitatea murrizteko bide-orri orokorra oinarri hartuta (foroaren aurreko edizioan abiarazi zen) , udazken honetako mahai-inguruak alferrik galtzen diren elikagaien kantitatea murrizteari, zirkulartasuna bultzatzeari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari buruzkoak izango dira, guztia ere turismo gastronomikoaren esparruan. Praktika jasangarriak erakutsiko dira, kontuan hartzen dituztenak, besteak beste, karbono-aztarna murriztea, tokiko eta sasoiko produktuak bultzatzea eta ekonomia zirkularreko ereduetara aldatzea.

OMTk eta Basque Culinary Centerrek antolatzen dute foroa 2015etik, eta haren helburua da turismoaren eta gastronomiaren alorretako adituen artean esperientziak trukatzea, jardunbide egokiak identifikatzea eta turismo gastronomikoa garapen jasangarriaren motor gisa bultzatzea.

OMTren Turismo Gastronomikoko Munduko 8. Forora joan nahi duten profesionalek aukera dute orain online erregistratzeko.

Hauek aurkeztu dute Foroa: Zurab Pololikashvili, OMTko idazkari nagusia; Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia; Félix De Paz García, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Lankidetzako eta Lehiakortasun Turistikoko zuzendariorde nagusia; Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; eta Azahara Domínguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua.

Aurtengo Foroa Turismoaren Mundu Erakundeak (OMT) eta Basque Culinary Centerrek (BCC) antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren laguntzarekin.


Estekak

Turismo Gastronomikoari buruzko OMTren Turismo Gastronomikoko Munduko 8. Foroa

Desarrollado por: GureMedia