15 Azaroa 2024
EROSKIk eta Basque Culinary Centerrek erakundeko ikasle izandakoen hiru proiektu aitortu ditu gaur, elikadura eta gastronomia ulertzeko era eraldatzen ari direlako eta haien proiektu ekintzaileek iraunkortasunaren, tokiko produktuaren eta berrikuntzaren arloak garatzen dituztelako. Gaur saritu dituzte aurtengo “EROSKI-BCC Onenak 2024” Donostiako Basque Culinary Centerren: Axel Smyth eta Claudia Merchan sukaldariak (Simpar jatetxea), Juan Carlos Caro eta Eva Hernandez (Zelai Txiki jatetxea) eta Jose Maria Martin Miguelez (Chacino). Aitortza horrek bi erakundeek partekatzen dituzten balioak islatzen ditu, hau da, elikadura osasungarria sustatzea tokiko eta hurbileko produktuan oinarrituta, zeinak ingurunean aberastasuna eta inpaktu positiboa bultzatzen baititu, eta gainera bai ingurumenaren eta bai tokikoaren iraunkortasunari laguntzen dio. Orobat nabarmentzekoa da ikasle ohien talentua sustatzeko ahalegina, elikaduraren eta gastronomiaren arloa aldatzeko eragile diren aldetik. Basque Culinary Centerreko aditu batzorde batek gradutik, masterretatik eta programa profesionaletatik datozen hautagaiak aukeratu ditu. Gastronomiaren ikuspegi osoa harturik, eskakizun hau betetzen duten soslaiak ebaluatu ditu: proiektu propioak edo ekintzaileak izatea iraunkortasunean, tokiko produktuan eta osasunean oinarrituak.
Protagonistak
Axel Smyth eta Claudia Merchan, Santiago de Compostelako Simpar jatetxekoak, teknikagatik eta Galiziako produktuen erabileragatik nabarmendu dira, ikuspegi tradizionala eta modernoa konbinatu baitituzte. Haien proposamen gastronomikoak orekan ditu teknika eta zaporea, eta Galiziako produktuen aberastasuna eta kalitatea islatzen ditu, benetakotasuna eta sorkuntza agerikoak diren platerekin. Juan Carlos Caro eta Eva Hernandez, Donostiako Zelai Txikiko jatetxekoak praktika iraunkorrak inplementatu dituzte, hala nola egur labeak, pelletak (energia iturri gisa) eta hondakin organikoak konpostatzeko sistemak, besteak beste, karbono aztarna gutxitzeko asmoarekin. Hala, plater zaporetsu eta teknikoak proposatzen dituzte, eta ingurumenarekin arduraz jokatzen dute. Are gehiago, ingurumenarekin eta tokiko gastronomiarekin duten konpromisoagatik, Michelin izar berde bat irabazteko meritua egin dute. Jose Maria Martin Miguelezek, Caceresko Chacinokoak, hestebete tradizionaletako terroir kontzeptua gastronomiara eraman du landareetan oinarrituz, eta haragizko hestebeteen zapore bereziak erreplikatzen saiatu da alternatiba begetalekin. Egindako lana aitortu diote, erakutsi duen ikuspegi berritzaile eta iraunkorragatik. Maiatzean, Jose Maria jada 2024ko Basque Culinary Centerreko 100 gazte talentudunen zerrendan sartu zuten. Ekitaldian, aitorturiko ikasle ohiek beren proiektuak aurkezteko aukera izan dute, eta haiek diseinatu eta prestatu dute ekitaldiko esperientzia gastronomikoa, gonbidatu guztien gozagarri.
Aitortza ekitaldia
Aurtengo "EROSKI-BCC Onenak 2024” aitortzetan, nekazaritzako elikagaien balio katean giltzarri diren ehun bat lagun elkartu dira, bai ekoizleak, bai banatzaileak eta bai industria eraldatzailekoak. Era berean, bertan izan dira erakundeetako, hedabideetako, sektoreko elkarteetako eta gizarte erakundeetako ordezkari nabarmenak. "Basque Culinary Centerrekook oso harro gaude EROSKI BCC Onenak aitortzak dagoeneko laugarrenez egingo ditugulako. Urte hauetan guztietan gure ikasle batzuen proiektuak aitortu eta ikusarazteko aukera izan dugu, eta plazer bat da guretzat EROSKIrekin lankidetzan egitea, Basque Culinary Centerreko patronoa baita joan deneko hamalau urtean. Aitortza honek agerian jartzen du konpromiso sakona dugula tokiko produktua, iraunkortasuna, osasuna eta berrikuntza balioan jartzeko; izan ere, biek ere ahalegin handia jartzen dugu lan ildo horietan, eta zinez uste dugu belaunaldi berriek emateko asko dutela", nabarmendu du BCCko zuzendariak, Joxe Mari Aizegak, ekitaldian. EROSKIko CEOak, berriz, Rosa Carabelek, gogorarazi du "aitortza horrek sendotu egiten duela EROSKIk eta Basque Culinary Centerrek elkarrekin gastronomia iraunkor eta hurbilekoarekiko duten konpromisoa; horrela, tokiko produktua balioan jarri ez ezik berrikuntza ere bultzatzen baitute. Elikadura katean dauden eragileek elkarrekin lan egitea giltzarri da iraunkortasun eta lehiakortasun arloan dauden erronkei aurre egiteko; harro gaude Basque Culinary Centerrekin lan egiten dugulako, munduan erreferentea bera gastronomiaren esparruan, eta elkarrekin etorkizun oparoagoa eraikitzen laguntzen dugulako. Sendo jarraitzen dugu soluzio iraunkor eta eraldatzaileak eskaintzen gaur egun elikaduraren arloan ditugun erronkei. Gaur aitorturiko proiektuek erakutsi dute berrikuntza, tokiko produktuak eta ingurumenaren errespetua bat etor daitezkeela eta gizartean inpaktu positiboa eragin".
EROSKIri buruz
EROSKI Espainiako lehen banaketa talde kooperatiboa da, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan—Galiziatik Balearretara—, %12,8ko merkatu kuotarekin; eta liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Galizian; lidergoan da halaber Balearretan ere. 2023aren amaieran, 1.533 saltoki zituen bere sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, baita gasolindegiak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Halaber, 6,4 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, 27.400 bazkide kooperatibista eta langile bazkide baino gehiago, horietatik 9.000 sozietatearen jabe ere badirenak; eta 620 denda frankiziatuetako langileen kolektiboa gehitu behar zaio horri. EROSKI Basque Culinary Centerren patronatuan dago duela hamahiru urte hasi zenetik.