07 Otsaila 2022
3xn (DANIMARKA), BIG (Bjarke Ingels Group) (DANIMARKA), OMA (Office of Metropolitan Architecture) (HERBEHEREAK), Snøhetta (NORVEGIA) eta Toyo Ito & Associates (JAPONIA) dira aurretiko hautaketan dauden arkitektura-estudioak, GOe - Gastronomy Open Ecosystem proiektua burutzeko lehiatuko direnak. Estudio horiek nazioartean erreferentzia dira, eta arkitekturaren abangoardia osatzen dute. Horien artean Toyo Ito eta Rem Koolhaas (OMA) dude, bi Pritzker sariaren irabazleak; arkitekturan nazioarte-mailan dagoen saririk entzutetsuena da. Estudio horietako bakoitzak GOe-ren beharrizanei erantzuten dien proiektu bat aurkeztu beharko du. Irabazlea 2022ko maiatzean ezagutuko dugu.
GOe - Gastronomy Open Ecosystem proiektuak zientzia eta gastronomia uztartzen ditu, eta ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan oinarritutako ekosistema gastronomiko bat sortu nahi du. Espazio horren helburua talentua eta enpresa liderrak erakarri eta garatzea da. GOe hirira irekitako espazio bat osatzen duen proiektu paregabe gisa kontzeptualizatu da, eta herritarrei aukera ematen die bertan gertatzen den guztian modu aktiboan parte hartzeko. Helburua da berrikuntza (innovation district) eta bizikidetzako hiri-barruti bat sortzea, erreferentzia- eta erakarpen-puntu bihurtzeko.
Chef, erakunde publiko, enpresa eta unibertsitate eta ikerketako erakundeek eratutako Basque Culinary Centerren patronatuak iaz onartu zituen proiektua eta gauzatzen ari den lan‑egutegia. GOe erakunde ezberdinen arteko akordioaren emaitza da. GOe Eusko Jaurlaritzak bultzatutako The Food Global Ecosystem estrategia publiko-pribatua aktibatzeko palanketako bat da. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak GOe-n parte hartzen dute; proiektua beren plan estrategikoen barruan kokatu dute.
Nazioarteko Arkitektura Lehiaketa
GOe eraikina eraikitzeko ikuspuntu jasangarri, funtzional, teknologiko, estetiko, eta baita ingurumenaren ikuspuntutik ere, soluzio bikainak eskaintzen dituzten proposamen onenak aukeratze aldera, 2021eko abenduan nazioarteko arkitektura-lehiaketa bat deitu zen. Lehiaketa horren xedea da ekimenaren ikuspegiari eta hiriko erreferentziako beste espazioetako bat bihurtzeko beharrari erantzuten dion arkitektura-proposamen bat aukeratzea.
Arkitektura-proiektu horrek espazio ireki eta berezi bat sortu nahi du, graduondoko, ekintzailetza eta ikerketako talentua erakartzeko elementu gisa aritzeko. Jasangarritasuna eraikinak bete beharreko balio eta irizpide nagusienetako bat da. Eraikina modu organiko batean integratu behar da hiriaren paisaian, eta, bereziki, bere ingurune zuzenaren parte izan behar da.
Finalistak
Hainbat proposamen jaso eta aztertu ondoren, 5 izan dira adjudikazio-prozesuaren hurrengo fasera igaro diren estudioak. Prozesu horretan, epaimahaiak hautagaitza finalistak aukeratu ditu oin berriko eraikinak eraikitzeko edo berrikuntzaren garapenarekin lotutako erabilera berria duten eraikinak birgaitzeko proiektuak egin izanaren erreferentziak kontuan hartuta; eraikin horiek esperimentazio, ikerketa, garapen teknologiko eta irakaskuntzara zuzendutako espazioak izango dituzte, eta jasangarritasuna eta paisajismoa beren funtsezko balioak izango dira.
3xn (DANIMARKA) - https://3xn.com/
Gaur egungo arkitektura eskandinaviarraren “aitak”, 3XN estudioak, Kopenhagen du egoitza, eta Stockholm, New York, Sydney eta Londresen bulegoak ditu.
Arkitekturak portaerari forma ematen diola dioen filosofiari jarraiki, bere lanak bere eraikinen barruan eta inguruan bizi eta lan egiten duten pertsonen bizitza eta mundua aberasteko formak esploratzen ditu. 3XN estudioak uste du eraikin bat bere parteen batura baino gehiago dela, eta etengabe bilatzen du diseinu, funtzio eta testuinguruaren arteko sintesia. Horrela, konbentzioei erronka jotzen die, funtzionaltasun argia eta edertasun sinplea duen tradizio eskandinaviar batean aurrera egiten duen bitartean.
Bere ibilbidean egindako proiektuen artean honako hauek nabarmentzen dira: The Arch Cultural Centre, 2012 (Norvegia), Ørestad College, 2007 (Danimarka), Grognon, 2021 (Belgika) eta Klimatorium in Lemvig, 2020 (Danimarka). Proiektu horietan inguruarekin integrazioa lortzea erronka etengabea da.
BIG (Bjarke Ingels Group) (DANIMARKA) - https://big.dk
Arkitekto, diseinatzaile, hirigile, paisaiako profesional eta barne- eta produktu-diseinatzaileek osatu eta Bjarke Ingelsek zuzendua, BIG nazioarteko arkitekturaren enfant handia da.
Egoitzak Kopenhage, New York, Londres eta Bartzelonan ditu, eta, gaur egun, proiektu ugari ditu Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ekialde Ertainean. BIG estudioaren arkitekturaren sorreran bizitza garaikidearen eboluzio eta aldaketa etengabearen analisi zehatza dago. Kultura askoren arteko trukearen, fluxu ekonomiko globalen eta komunikazio-teknologien eragina aztertzen du, oro har, arkitektura- eta hiri-antolamenduko forma berriak behar dituztela ikusteko.
Egungo erronkei aurre egiteko, arkitekturak esploratu ez dena esploratu behar du, eta BIG estudioak arkitektura utopiko bat dauka, kutxa aspergarrien eta formalismo digitalaren ideia bakunen pragmatismotik urruntzen dena. Arkitektura sortzeko ohiko osagaiak nahasten ditu, besteak beste, bizitza, aisia, lana, aparkatzea eta erosketak.
Bere proiektuen artean hurrengo hauek nabarmentzen dira: TIRPITZ Museum, 2017 (Danimarka), 79&Park Apartments, 2018 (Suedia), Energy Plant and Urban Recreation Center, 2019 (Danimarka), eta Gammel Hellerup Gymnasium, 2014 (Suedia).
OMA. Office of Metropolitan Architecture (HERBEHEREAK) - https://www.oma.com/
OMA arkitektura, hirigintza eta kulturaren analisiaren muga tradizionalen barruan lan egiten duen nazioarteko estudio bat da, bere ikuspegia pentsamendu arkitektonikoa arkitektura bera gainditzen duten eremuei aplikatzen dien ikerketa eta diseinuko AMO estudioarekin osatzen duena. Ikerketa eta diseinuko estudioaren sortzailea Arkitekturako Pritzker saria irabazitako Rem Koolhaas da, estudioa beste zazpi bazkiderekin zuzentzen duena (Reinier de Graaf, Ellen van Loon, Shohei Shigematsu, Iyad Alsaka, Chris van Duijn, Jason Long eta David Gianotten bazkide kudeatzailea eta arkitektoa); estudioak bulegoak dauzka Rotterdam, New York, Hong Kong, Doha eta Australian.
OMAk mundu osoan egindako eraikinak eta hiri-proiektuak planteamendu adimentsuetan oinarritzen dira, eduki eta erabilerarako aukera berriak proposatzen dituztenak. Honako hauek dira OMAk diseinatu eta gaur egun eraikitzen ari diren eraikin batzuk: Taipei Performing Arts Center (Taiwan), Berlinen (Alemania) berritzen ari diren Kaufhaus des Westens (KaDeWe), Manchesterreko (Erresuma Batua) The Factory eta Shenzheneko (Txina) CMG Qianhai Global Trade Center. Honako hauek, berriz, bukatuta daude: Seattleko Liburutegi Zentrala, 2004 (Estatu Batuak), RIJNSTRAAT 8, 2017 (Herbehereak), BLOX, Danish Architecture Centre-eko egoitza (DAC), 2018 (Danimarka) eta TENCENT enpresaren egoitza, 2020 (Txina).
Snøhetta (NORVEGIA) - https://snohetta.com/
Duela hogeita hamar urte baino gehiago sortua, norvegiar estudio horrek erabat funtzional edo estetikoa denetik harago doan mezu bat eskaintzen du, eta bere proiektuek lotura estua dute pertsona, eraikin eta paisaiarekin. Hasieran, arkitektura eta paisajismoko elkarlaneko tailerra izan zen, eta hasieratik mantendu du diziplinartekotasuna kontuan hartuta pentsatzeko modu hori. Bere lanarekin ahalegintzen da inguruaren, nortasunaren eta besteekin eta bizi ditugun espazio fisikoekin, basatiekin zein gizakiak sortutakoekin, dugun harremanaren zentzua hobetzen.
Gaur egun, Snøhetta hazi egin da nazioartean ospea duen arkitektura, paisajismo, barne-arkitektura, produktu, grafiko, diseinu digital eta arteko estudio bihurtu arte; 280 langile ditu, hogeita hamar herritartasun ezberdin baino gehiago dituztenak, eta, generoari dagokionez, banaketa zuzena egiten du. Museo, produktu, elur-oreinen behatoki, grafiko, paisaia eta panpina-etxeek ardura eta arreta bera jasotzen dute. Snøhetta intuizio kolektiboak aprobetxatzen ahalegintzen da, grafikotik kultura- edo paisaia-azpiegitura konplexuen sorkuntzara doan foku anitzeko jarduera mantentzeko.
Sortzaile eskandinaviarrek ingurumenarekin duten lotura estua erakusten dute naturari egindako omenaldiak edo naturaren birsorkuntzak izan eta indar oso handia eta edertasun ikusgarria duten lanen bidez. Horien artean daude, besteak beste, Europako urpeko lehen jatetxea, Under Restaurant, 2019 (Norvegia), Norwegian National Opera and Ballet, 2008 (Norvegia), King Abdulaziz Center, 2016 (Saudi Arabia), eta Alexandriako Liburutegia, 2011 (Egipto).
Toyo Ito & Associates (JAPONIA) - http://www.toyo-ito.co.jp/
Gaur egun, Toyo Ito mundu osoan dagoen arkitekto berritzaileenetako bat eta eragin handienetakoa duena da. Seulen jaio zen 1941ean, Tokioko Unibertsitatean graduatu zen 1965ean eta Kiyonori Kikutake Architect and Associates enpresarentzat lanean hasi zen. Geroago, Tokion Urban Robot (URBOT) estudioa sortu zuen, 1979an Toyo Ito & Associates,Architects izena hartu zuena.
2013ko Pritzker sariaren irabazlea, gaur egungo arkitekturaren ikono eztabaidaezin eta goiztiar hori Japonian hasi zen lanean, eta handik mundu osora zabaltzen hasi zen bere lan kontzeptualarekin. Horren atzean, duda gabe, lan bakoitzari ematen dion ukitu berezia dago.
Eraikinak ditu, besteak beste, Paris, Hannover, Londres eta Bartzelonan. Bere lehen lanetako batzuk Silver Hut eta Nakano-kuko (Tokio) Neska Nomadaren altzariak dira. Bertan, bere lanarekin, aro digitaleko hiriaren irudi fisikoa esploratu zuen, lerro minimalisten eta arintasun kontzeptualaren premisarekin. Espazio fisikoak, gainera, sarbidea ematen dio espazio birtual bati edo batzuei.
Bere lan garrantzitsuenak, Sendaiko Mediatekak, egungo ezagutzen lotura- eta ekoizpen-egiturak esploratzen ditu. Egituraren integrazioa bilatzen duen euskarri bat da, euskarri bertikalei tratamendu originala ematen diena. Izan ere, itxura begetala eduki nahi dute ingurune urtar baten barruan.
Berarentzat, diziplina eder hori bere bizitzaren parte da, eta hark egindako eraikuntza garaikideko obra garrantzitsuenak, besteak beste, hauek dira: aipatutako Sendaiko Mediateka, 1995-2001, (Japonia), Tama University Library, 2007 (Japonia), Realia Dorrea -Fira Dorrea izenarekin ere ezaguna-, 2009 (Espainia), Taichungeko Metropoli-Opera, 2014 (Taiwan), eta Barrokoaren Nazioarteko Museoa, 2014 (Mexiko).
Hautaketa-irizpideak
Lehiaketaren lehen fase honetan, epaimahaiak 5 finalistak aukeratu ditu lehiaketaren oinarrietan zehaztutako irizpideak kontuan hartuta. Etorkizuneko GOe eraikinak soluzio onena eskaini eta hiri‑ingurune zuzenari eragin behar dio, hiriko fluxu sozial, kultural eta ekonomikoei dagokienez, bere irisgarritasuna eta komunikazioa hobetzeko.
Finalisten eta beren lanen argazkiak eskura daude hemen.