12 Iraila 2022
Hainbat diziplinatako profesionalek gastronomia aztertu dute, gizartearen, ekonomiaren, politika publikoen eta ingurumenaren garapenaren sinonimo gisa.
Garapen Jasangarrirako 17 helburuetatik 11 zuzenean daude lotuta elikadurarekin
Txostena gaztelaniaz eta portugesez deskargatu daiteke
Basque Culinary Centerrek eta Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiak (SEGIB) egin duten “Gastronomiaren ekarpena Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko” txostenak dioenez, gastronomia ahalmen handiko sektorea da gaur egungo gizarteak garatzeko, eta eragin handia du kulturan, gizartean, ekonomian eta ingurumenean.
Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan (GJH) gastronomiak egiten duen ekarpena identifikatzen du txostenak, ekimen konkretu batzuk azalduz, eta zehazten du haietako 11 elikadurarekin zuzenean lotuta daudela eta beste 6 helburuak, berriz, elikadura-sistemekin. Gainera, Iberoamerikako herrialde kideetako jardunbide egokien adibideak ere ematen dira.
Azterketa sinatzen duten profesionalentzat, David Hertz (Gastromotiva-ko fundatzailea); Marta Fernández Guadaño (Gastroeconomy-ko fundatzailea); Karissa Becerra Biaggioni (La Revolución-eko fundatzailea) edo Pablo Rivero (Don Julio jatetxea), besteak beste, gastronomia balio-kate garrantzitsu bat da, eta 360º-ko ikuspegiarekin ikusi behar da, katearen hasieratik kontsumitzailearenganainoko eragile guztiak inplikatuta: nekazaritzako elikagaien ekoizpena (nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza), elikagaiak eta edariak, zenbait kanaletako banaketa, ostalaritza, catering- eta banaketa-jarduerak, turismo gastronomikoa edo foodtech arloko startupak.
Andrés Allamand Iberoamerikako idazkari nagusiak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak eta Laura Oroz AAECIDeko Latinoamerika eta Kariberekiko Lankidetzarako zuzendariak gaur aurkeztu duten lana testuinguru oso berezi batean sortua da: COVID-19aren pandemia eta haren ondorio ekonomiko eta sozialak, zeinek munduko herrialde guztiei eragin baitiete eta desberdintasunak areagotu baitituzte, bereziki jenderik zaurgarrienaren kasuan. Errealitate horrek jarduteko moduak aztertzea ekarri du, jasangarritasuna kontuan hartuta. Hala, lurraldeari, tokiko kulturari, hurbileko eta garaian-garaiko elikagai freskoen kontsumoari lotutako gastronomia baten alde egiten du argitalpenak.
Azterketak beste alderdi batzuk ere nabarmentzen ditu, hala nola hezkuntza, zuzenean erlazionatzen baitu norberaren eta planetaren osasunarekin eta ongizatearekin. Halaber, gastronomia zirkularra eta jasangarria izatea defendatzen du, gastronomiaren intsumo eta energia gisa balio duten baliabide naturalak agortzen ari direla kontuan hartuta.
Azterlanean adierazi da, halaber, beharrezkoa dela industria horren inguruan lan egiten duten gizon-emakumeen lan-baldintzak hobetzea, lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera izan dezaten. Ogibideari balioa eman beharra ere agerikoa da, komunitateak gastronomia lan-irteera on gisa ikusten jarrai dezan.
Bestalde, Iberoamerikako Konferentziak Gastronomia eta Elikadura Jasangarrirako Iberoamerikako Plana (PIGA 2030, Iberoamerikako Konferentziako herrialdeek onartua) ezartzeko egiten duen gogoeta tekniko eta akademikoa sustatzeko ere balio du txostenak.
Elikadura-sistema inklusiboak, gizarte ekitatiboak eta garapen komunitario integratua eraikitzeko bidea luzea eta erronkaz betea da. Bistan da gastronomiak ahalmena baduela Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzen laguntzeko, eta erronka da estrategia praktiko bihurtzea. Lanaren aurkezpenean parte hartu dute: Lázaro Rodríguez, DTransformatorio-ko Zuzendaria eta SEGIBeko aholkularia; Purificación González Camacho, Espainiako Elikagaiak Sustatzeko zuzendariorde Nagusia; David Hertz, Gastrnomotiva-ko fundatzailea; Meyling Tang, arrantza-ekonomian espezializatutako kazetaria, Cocinamar Fundazioko presidenteordea eta Tres Peces Productos del Mar-eko kidea; eta Marta Fernández Guadaño, ekonomialaria eta Gastroeconomy sortu zuen kazetari gastronomikoa.
Gastronomiak Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko egiten duen ekarpena Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiaren (SEGIB) eta Basque Culinary Centerren (BCC) arteko lankidetza-proiektu bat da. Lanak Eusko Jaurlaritzaren laguntza instituzionala eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) finantziazioa ditu. Parte-hartzaileen artean, sukaldariburuak, jatetxe-jabeak, enpresaburu ekoizleak, turismoko edo ostalaritzako ekintzaileak, erakunde publikoak eta erakunde laguntzaileak hezkuntza-arlokoak daude.