06 Urria 2023
Munduko Turismo Erakundeak (UNWTO), Basque Culinary Centerekin (BCC) batera, Gastronomia Turismoaren Munduko 8. Foroa antolatu du. Produktuaren, gastronomiaren eta turismoaren arteko loturak dira edizio honetako ardatza.
Tokiko produktuen sustapena eta kontserbazioa, turismoak garapen jasangarriari egiten dion ekarpena, berrikuntza eta janari-hondakinak izan ziren gai nagusiak UNWTOren eta BCCren irekiera-hitzaldian, non ongietorria egin baitzitzaien 300 ordezkariri, 50 herrialdetatik etorriak.
Hona hemen Zurab Pololikashvili Munduko Turismo Erakundeko idazkari nagusiak Foroaren hasieran esandakoa: “Gastronomia-turismoak protagonismoa izan dezake nekazaritza-jardunbide arduratsuak bultzatzeari, biodibertsitatea babesteari eta ingurumen-aztarna murrizteari dagokienez. Aukera berriak sor ditzake, halaber, komunitateek aurrera egin eta beren ondare eta tradizioak babes ditzaten eta hazkunde- eta dibertsifikazio-motor bilaka daitezen Garapen Jasangarriko Helburuetarako gure bide-orria babesten duten helmugetarako.”
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, berriz, hau esan zuen: “Dinamika eraldatzaileak bultzatzeko eta gastronomia-turismoa landa-garapenarekin lotzeko garaian gaude. Lurraldea, berrikuntza eta sormena funtsezkoak dira agertoki berri batera arrakastaz igarotzeko, non pertsonak eta ingurumena zaintzera bideratutako gastronomia-turismo arduratsuaren eredu bat sustatuko baita. Funtsezkoa da jardunbide jasangarriak bultzatzea teknologiak hazkunde-motor gisa duen indarraz baliatuz eta sektorearen garapen profesionala bultzatuz. Eta nahitaezkoa da, halaber, eskaintza gastronomikoaren nortasuna eta dibertsitatea babesteko lan egitea.”
Hasierako ekitaldian parte hartu zuten, bestalde, Rosana Morillo Turismoko estatu-idazkariak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak.
Turismo Arduratsuaren UNWTO enbaxadore izendatu dituzte Pedro Subijana eta Martin Berasategi sukaldariak, euskal gastronomiaren alde egiten duten lana aitortuz, tokiko produktuari balioa ematen eta komunitatearen garapena sustatzen.
Garapenerako eta hazkunderako turismoa
Gastronomia-turismoak tokiko lurraldeen kontserbazioan eta jardunbide jasangarrien sustapenean duen garrantzia nabarmendu zen Foroan. Maila handiko turismo-ministroen talde bat —Bulgaria, Puerto Rico eta Zimbabwe— nekazaritza, gastronomia eta turismoa indartzera bideratutako politiketan zentratu zen. Adituen arteko eztabaidak, sukaldaritza-tradizioen babesa eta bereizgarri geografikoen balioa nabarmendu ziren landa-eremuetan jasangarritasuna eta erresilientzia bultzatzeko elementu gisa, ekoizleek aukera izan dezaten aurrera egiteko teknologiak gero eta gehiago konektatzen eta bultzatzen duen mundu honetan.
Gastronomia-turismoa denez UNWTOren Afrikarako Turismo Agendako ardatzetako bat hazkunde inklusiboa lortzeko bidean, sektoreak lurralde horretan hazkunde inklusiborako iturri izateko duen ahalmena ere aztertu zen Foroan. Hitzaldi berezi batean, Auxillia C. Mnangagwa Zimbabweko lehen damak (Afrikako gastronomiaren sustatzaile konprometitua da) nabarmendu zuenez, “Turistak erakartzeko tresna eraginkorra bihurtu da mundu mailako turismo gastronomikoa, batez ere jaki tradizionalen balio natural eta nutrizionalaz jabetzen direnak. Nazioak garenez, gure elikadura sukaldaritza tradizionalak aprobetxatu beharko genituzke bizimodu osasuntsua eta gure nazioen garapen sozioekonomikoa bermatzeko. Hori bat dator turismoa sustatzeko paisaietan oinarritutako
gure filosofiarekin”.
Era berean, Turismo Arduratsuaren UNWTO enbaxadore izendatu zuten Foroan Fatmata Binta chefa. Binta chef moderno eta nomada da, fulani kultura, ohiturak eta sukaldaritza barruan daramatzana. Afrikako mendebaldeko eta hegoaldeko talde nomada handiena dira fulaniak.
Gastronomia Turismoko Startupen Lehiaketa
Gastronomiaren esparruko UNWTOren startupen lehiaketetan hautatutako finalistek beren ideiak aurkeztu zituzten Donostian. Aurkeztutako soluzioen artean, izen handiko chefek zuzendutako aparteko sukaldaritza-esperientzia pertsonalizatuak izan genituen (Searchef), bai eta zenbait proposamen interesgarri ere ostalaritzako hondakin-kudeaketa arrazionalizatzeko (Eatinn), Marokoko kale-janariaren zaporeak goraipatzeko (Machi Mouchkil), jatetxeetarako jasangarritasun-ziurtagiriak eta -jarraibideak ezartzeko (Ecofoodies) eta tokian bertan egindako kalitatezko janaria banatzeko aplikazio bat ezartzeko (Oh les Chefs).
Oh les Chefs izan zen irabazlea, batez ere, nazioartean zabaltzeko duen gaitasun handiagatik. LABe Digital Gastronomy Lab-eko lan-espazio esklusibo batean sei hilabetez aritzeko aukera izango dute. Horrez gainera, startupak aktiboki parte hartuko du Culinary Action! Basque Culinary Centerren gastronomia-ekintzailetzako programan, eta GOe Digital Communityko kide izango da sei hilabetez.
Orain arte, 100 herrialde baino gehiagotako 700 startup eta gehiagok hartu dute parte lehiaketan. Dagoeneko ireki dira UNWTOren Gastronomia Turismoko Startupen 4. Lehiaketarako eskaerak, zeina Basque Culinary Center zentroarekin lankidetzan antolatu baita eta Alpitour World erakundeak bultzatzen baitu.
Turismoaren esparruan janari gutxiago alferrik galtzeko bide-orria
Turismoaren esparruan janari gutxiago alferrik galtzeko bide-orri globalean (UNWTOk argitaratua Nazio Batuen Ingurumen Programarekin lankidetzan) jasotako gomendioetan oinarrituta, “Janari gutxiago alferrik galtzeko soluzio zirkularrak” saioan hotel, jatetxe eta gurutzaldi-lineen hainbat ekimen nabarmendu ziren.
Soluzio horietako batzuk izan ziren, adibidez, prebentzio-neurriak hartzea (erosketak eta menuen diseinuak arduraz egitea), janari-hondakinak talde kalteberei banatzea, biomaterialak prozesatzea eta estrategia zirkularrak bultzatzea (adibidez, konpostatzea eta energia berreskuratzea). Eztabaidetan azpimarratu zen, halaber, zenbaterainoko garrantzia duten hezkuntzak, berrikuntzak eta laguntza emateko arau eta politikek aldaketa bizkortzeko .
Inaugurazio-afaria Mahaia Kolektiboko chefen eskutik
Euskal gastronomia Donostiaren ikurretako bat da, eta bisitari asko erakartzen ditu. Ekoizle eta sukaldariak dira ondare horren eragile nagusiak. Gastronomiak duen potentzial hori erakusteko, Gastronomia Turismoaren Munduko Foroko (Munduko Turismo Erakundeak antolatua) inaugurazio-afaria eskaini zuten Mahaia Kolektiboko chefek urriaren 5ean.
Gaur egungo euskal gastronomiaren erreferente diren Aitor Arregi (Elkano), Jon Ayala (Laia Erretegia), Xabi Gorrotxategi (Casa Julián), Dani López (Kokotxa), Javi Rivero (AMA), Roberto Ruiz (HIKA), Gorka Txapartegi (Alameda) eta Armintz Gorrotxategi (Rafa Gorrotxategi) chefek, gertuko produktuekiko eta bertako gastronomia-kulturarekiko duten konpromisoari eutsiz, beren platerak eman zizkieten dastatzeko mundu mailan izen handia duten gastronomiako eta turismoko figurei, euskal sukaldaritzaren sustraietan oinarritutako sukaldaritza-esperientzia batean.
Taloak, gazta, sagardoa, txakolina, ardoa eta beste hainbat osagai izan ziren chefen proposamenei laguntzeko. Gainera, zentroko irakasle eta ikasleek ere hartu zuten parte ekitaldian.
2024ko Gastronomia Turismoaren Munduko Foroaren anfitrioia iragarri du UNWTOk
2024ko Foroa Manaman (Bahrain) egingo da; lehen aldiz egingo da Foroa Ekialde Ertainean.
Foroa esperientzia praktiko batekin amaitzeko, bihar, urriak 7, bertaratutakoek 6 txangoren artean hautatu ahal izango dute bertako gastronomia ezagutu eta dastatzeko.
Era berean, Culinary Plaza ekitaldi paraleloak (herritarrei irekia eta Basque Culinary Centerek UNWTOrekin elkarlanean antolatua) Zimbabwe, Saudi Arabia, Porto, Botswana eta beste leku batzuetako sukaldaritza-espezialitateak nabarmenduko ditu. Horretarako, elikagaien merkatu-formatuan antolatutako azoka gastronomiko bat egingo du, non munduko txoko horietako sukaldaritza-kulturan murgildu eta, giro paregabean, hango sukaldaritza dastatzeko aukera izango baita.
Aurtengo Foroa Munduko Turismo Erakundeak (UNWTO) eta Basque Culinary Center (BCC) zentroak antolatu dute, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin.