Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Leila Guerriero, René Redzepi, Paco Plaza eta beste pertsona batzuk beldurra izutzen arituko dira Sukaldeko Elkarrizketen hamargarren biltzarrean".

06 Otsaila 2025

Laster izango da bueltan Sukaldeko Elkarrizketak, gastronomiari ikuspegi diziplinartekoa emanez eskemak apurtzen dituen biltzar gastronomikoa; Mugaritz, Euro-Toques eta Basque Culinary Center dira sustatzaileak. 2025eko martxoaren 3an eta 4an, Donostia berriro izango da hitzaldi, mahai-inguru eta dinamika sortzaileen epizentroa. Hamargarren edizioa da dagoeneko, eta, sukaldaritza aitzakia gisa hartuta, beldurra izango du hizpide. Zein da helburua? Aurrez aurre begiratzea beldurtzen gaituen horri eta egungo ustekeriak, fobiak eta antsietateak aurrera egiteko aukera bilakatzea. Bi egunez, agertokiak bazkalondoko mahai-bueltaren giroa hartuko du eta testigantza inspiratzaileak kontatuko dira, gastronomiaren sektorea animatu dadin beldurraren efektu geldiarazleak gainditzera testuinguru sortzaile batetik. Hala, “Zeren beldur?” goiburupean, berrehun lagun inguruk aukera izango dute desegokitasuna, ezezagun zaiguna eta astintzen gaituen deserosotasuna lantzeko zenbait ezagutza-arlotako adituekin batera. Abentura horretan parte hartuko dute, besteak beste, Argentinako Leila Guerriero kronikariak (Latinoamerikako idazle eta kazetari ezagunenetako bat da eta, besteak beste, La llamada, Los suicidas del fin del mundo eta Teoría de la gravedad liburuak idatzi ditu), René Redzepi daniarrak (Noma jatetxeko chefa eta azken urteetan gastronomiaren munduan izan den aktore transgresoreenetako bat, eragin handikoa; oraingoan, elkarrizketan arituko da Sasha Correarekin, eta sormen gastronomikoaren gailurrean daramatzan 20 urteetan bere buruari egin dizkion galderak egingo dizkio); Paco Plaza zinemagileak (REC eta Verónica beldurrezko filmen zuzendaria, besteak beste; jendea beldurtzeak dituen ondorioez arituko da) eta Jon Maia bertsolari eta idazleak, zeina lotsatik harrotasunera igaroko baita inaugurazio-jardueran, inolako beldurrik gabe, ahoa irekitzera animatzeko. “Sinetsita nago beldurraren gaia ikuspegi eta ahots hain desberdinetatik lantzea eraldatzailea izango dela publiko guztiarentzat. Izan ere, Sukaldeko Elkarrizketek gero eta gehiago lausotzen dituzte biltzar gastronomikotzat jotzen denaren mugak, eta bazkalondoko ideia-zaparrada bilakatzen da. Aurtengo ediziorako prestatu duguna ametsa da erabat”.

- Andoni Luis Aduriz

Hatza ezpainetan, hatza zaurian

Desegokitasun politikoez eta tabuez arituko da Juan Soto Ivars idazle polemikoa, eta su-lerroan lan egitea nolakoa den azalduko dute Nuria Tesón gerra-korrespontsalak eta Andrés Torres sukaldariak (Global Humanitaria GKEaren sortzailea, Casanova jatetxeko chefa eta 2024ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea). Baina izango da gehiago ere. Greta Alfaro artista nafarrak hortz-haginekin txikituko du jatekoa, erritual aztoragarri bat balitz bezala; Xavier Medina elikadura-antropologoak hatza sartuko du bete-betean tradizioaren zaurian, eta bati baino gehiagori oilo-ipurdia jarriko zaio bere gogoetekin: paella txorizoduna?, Tortilla tipula eta guzti?; eta Juan Revenga nutrizionistak elikagai-desalfabetizazioa (higuin irrazionalak baina "oso komertzialak" eragiten ditu) eta beste alderdi batzuk landuko ditu. Andoni Luis Aduriz, biltzar honen sortzailea, elkarrizketa-menuaren funtsezko osagaietako bai izango da oraingoan ere. Bittor Arginzoniz, Etxebarri erretegiko sukaldaria, solasean arituko da Lakshmi Aguirre idazle gastronomikoarekin; sua izango dute hizpide, literalki eta metaforikoki, ustekeria intimoenen jatorri gisa. Bestalde, Pedro Sánchez (Bagá), Iris Jordán (Ansils) eta Lara Roguez (Abarike) protagonista izango dira sormenezko inbutuari buruzko mahaian, horixe izan baitaiteke abangoardia gastronomian bestelako ekarpenak egin nahi dituztenentzat; eta Julián Otero sukaldariak (Mugaritzeko I+Gko kidea) fobiei, filiei eta cringeei buruzko gogoetak egingo ditu. Eta, gainera, pilula txikiak prestatuko dizkigute Donostiako Lurka bean-to-bar txokolate-lantegiko Cristina Castellanosek eta Pablo Ibarrechek, Bakeako (Mungia) sukaldari Alatz Bilbaok, Esment Fundazioko (Mallorca) Mercé Marrero Fusterrek eta Kiaora Gastronomía Socialeko Yelel Cañasek eta Silvia Fraccarolik, ongi etorria emateko hilaren 3ko eta 4ko jardunaldietara datozen guztiei. "Basque Culinary Centerrek uste du berrikuntza, sormena, prestakuntza eta talentua funtsezko osagaiak direla gastronomia eraldatzeko. Aurten, Sukaldeko Elkarrizketetan, elkarrekin aztertuko ditugu gure erronkak eta beldurrak, harik eta hazteko eta eboluzionatzeko aukera bilakatu arte. Sukaldea elkarrekin egoteko, gogoeta egiteko, aldaketarako eta diziplinarteko elkarrizketetarako tokia da. Eta horren erakusgarri da Elkarrizketen edizio berri hau: Mugaritz eta Eurotoques lagun ditugula, sektorean eztabaida aberasgarriak sortzen jarraitu nahi dugu” – Joxe Mari Aizega

Musika ere ez da falta izango

Beti bezala, musika ere izango da Sukaldeko Elkarrizketetan. Madrilgo Morgan taldeak saio akustiko intimo eta berezia eskainiko du, eta musikariek azalduko dute zer den bidea haize kontra irekitzea Espainiako pop-rockeko banda berritzaileenetariko batentzat. Niño de Elche biltzarreko agertokira itzuliko da hizkerak nahastera eta, beti bezala, publikoa aho zabalik uztera, berekin ekarriko baititu erokeriak, maniak eta...  ezkutuko gonbidatu bat. Bestalde, Jumitus Tutupa ekoizle eta konpositoreak (eskarmentu handiko piano-jotzailea ere bada, Diego el Cigalarekin eta beste artista batzuekin aritua) handitasunez emango dio amaiera ekitaldiari; musika-inprobisazioa sormenezko arma bilakatuko du, bertaratuak ere sormenez kutsatzeko. “Sukaldeko Elkarrizketen hamar edizioetan ikusi dugu gastronomia kozinatzea baino askoz gehiago dela. Pentsatzeko, konektatzeko eta gure buruari galderak egiteko modu bat da; kozinatzea da zentzua ematea, inguruan duguna ulertzea eta hots artean ez galtzea. Eta Elkarrizketek horretarako aukera ematen digute”.

- Maca de Castro

Motorrak berotzen, hemen bertan hasita

Elkarrizketen hamargarren biltzarrak publiko guztientzat irekitako ekitaldi bat eskainiko du martxoaren 2an (igandea), eta azken urteotan Donostiako sektore gastronomikoa dinamizatzen ari diren gazteek zeresan handia izango dute. “¿Las cosas claras o las cosas yemas?” izenburupean, Lina Álvarez (Manojo), Juan Vargas (Muka), Didac Canudas (La Gresca), Iker Izeta (Elkano 1 Gaztagune) eta Alaia Ortega (Piripi) eztabaidan arituko dira saio berezi batean; La Picaeta izango da moderatzailea. 17:00etan izango da, The Social Hub-en, eta sarrerak gorde daitezke, doan, hemen.

Ez dago Elkarrizketarik, akelarrerik gabe

Edizio honetarako sarrerak Sukaldeko Elkarrizketetako webgunean eskuratu daitezke, eta biltzarraren bi egun beteez gozatzeko aukera emango dute, bai agertokian, bai handik kanpo. Diziplina anitzeko hitzordu honetan, jan ere egingo da, eta Basque Culinary Centerrean emango diren gosariak eta bazkariak sarreren prezioan sartzen dira. Hain zuzen, Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen graduko ikasleek prestatuko dituzte hilaren 3an, eta, hilaren 4an, 115 pizzas (Lasarte) eta La Gresca (Donostia) lokaletako langileak arituko dira sukaldari. Gainera, zenbait markak emandako produktuak ere eskainiko dira. Txartelak erosita, halaber, Hernaniko Zelaia sagardotegian astelehenean egingo den afarira joan daiteke, bai eta astearte gaueko akelarrera ere (Muka),      Mahou San Miguel etxearen lankidetzari esker, amaiera bikaina emango zaio ekitaldiari: dantzatokian orpoak urratu arte dantza egingo duzu, Maruja Limón talde flamenko probokatzailearen doinuan. Eta sorpresa gehiago ere izango da, Sukaldeko Elkarrizketak behar bezala bukatzeko. Literatura, zinema, nutrizioa, musika, sukaldaritza eta beste diziplina batzuk oinarri gisa hartuta, aurten ere gastronomiaren eta gizakion geografiara hurbilduko gara. Gastronomia-biltzar desberdina da, parekorik ez duen pentsatzeko espazioa, hamargarren edizio honetan ere ikaskuntzak partekatzeko eta sukaldaritzan parte hartzen duten belaunaldi guztiak inspiratzeko bokazioarekin jarraituko duena.

Sukaldeko Elkarrizketak

Sukaldeko Elkarrizketak nazioarteko biltzar bat da; 2007an hasi zen, eta diziplina anitzeko zubiak eraiki ditu gastronomiaren inguruan bi urtez behin. Mugaritzek, Euro-Toques Europako Sukaldarien Erkidegoak eta Basque Culinary Centerrek bultzatutako behatoki bat da. Mundu guztiko aditu entzutetsuenak elkartuko dira giro disruptiboan, gogoeta eginez sormenezko sinergiak eraikitzeko. Erakunde laguntzaileak: Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa Departamentua, Donostiako Udala eta Donostia Turismoa. Babesleak: Mahou San Miguel eta Lavazza. Media partnerak: La Picaeta, LACREME eta Yorokobu.

 

Desarrollado por: GureMedia