11 Otsaila 2025
Basque Culinary Centerren, aparteko gau-ekitaldi bat izan da: Mahaia Kolektiboa taldeko kideak elkartu dira, eta, afari baten bidez, sukaldeko bikaintasunaren etorkizunari eta gastronomiak Euskadin dituen erronkei buruz hausnartu dute. Atzo, otsailak 10, egin zen topaketa. Euskal nortasuna babestu eta garatzearekiko konpromisoa erakutsi du, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko elkarrizketa, eta plater bakoitzean irudikatu da hori. “Eskulan” izenaren pean, eta Mantala Basque Gastronomyren ekintzen barruan, Aitor Arregik (Elkano), Paul Arrillagak (Zazpi), Pili Manterolak (Iribar), Pablo Loureirok (Casa Urola), Juan Carlos Carok (Zelai Txiki), Jon Ayalak (Laia), Dani Lópezek (Kokotxa), Gorka Ricok (AMA), Gorka Txapartegik (Alameda) eta Igor Arregik eta Lidia Olaizolak (Kaia) elkarrizketa-eremu bat sortu dute menu oso berezi baten bidez, baita esperientzia murgiltzaile bat ere, eta sektoreko ekoizle, artista eta eragileek ere egin dute bat harekin. Han izan dira, besteak beste, Itsaso Compañon, Arabako Errioxako Upategien Elkarteko (ABRA) eta El Mozo Wines upategietako (ABRA) presidentea, Arantxa Orbegozo margolaria, Garazi Egiguren dantzaria, Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoa, Uxue Maiotz talogilea eta Aitor Galparsoro okina.Ekitaldian, gastronomia, artea eta lurraldea uztartu dira. Afarian, Mantala Basque Gastronomyk eta Mahaia Kolektiboak 2025ean gauzatuko dituzten lan-ildoak aurkeztu dira, eta ikuspegi eta esperientzia gastronomiko berriak ekarri dituzte. Mantala Basque Gastronomy Basque Culinary Centerren ekimena da, eta euskal gastronomia sustatzea eta garatzea du helburu; bestalde, Mahaia Kolektiboa entzute handiko Gipuzkoako hainbat sukaldarik osatzen dute.
Aurkeztutako jaki bakoitzak ondare gastronomikoa eta oraingo euskal sukaldaritza interpretatzeko modu berriak uztartu ditu, eta, lurraldeko gastronomiaren aberastasuna ezagutarazteaz gain, haren egokitzeko gaitasuna eta sormena indartu ere egin ditu, etengabe aldatzen ari den erreferentzia bizia izaten jarrai dezan. Gainera, Arabako Ardoak markako ardoekin lagundu da menua, eta berariaz hautatu dira plater bakoitza goratzeko eta harekin ezkontzeko . Orobat, Martiko markako produktuak zerbitzatu dira ere. Izan ere, Martikok, ekimen honi babesa emanez, euskal gastronomiaren nortasun-garapenoarekin duen konpromisoa erakusten du, gure historia berriko errezetategi giltzarri baten eguneratzearen, berrikuntzaren eta garapenaren aldeko apustua eginez. Euskal gastronomiaren ospakizun bat ez ezik, asmo-adierazpen bat ere izan da afaria: tradizioa eta berrikuntza bidelagun egingo dituen etorkizuna eraikitzen jarraitzeko konpromiso kolektibo bat. Etorkizun horretan, Euskadiren sukaldaritzako bikaintasunak mundua inspiratzen jarraitzea nahi da.
ERRONKAN, AUKERAK ETA PROPOSAMEN GASTRONOMIKOA
Afarian eskainitako menuan bezala, aurten, Mahaia Kolektiboak eta Mantalak batez ere oinarrizko bost ardatzetan egingo dituzte ahaleginak. Ardatz horiek egungo euskal gastronomiaren funtsa islatzen dute: Euskadiko artisautza, itsasoa, pertsonak, nortasuna eta kultura. Lan-ildo horiek lurraldearen sukaldaritza-ondarea babestu nahi dute, eta, horrez gain, etorkizunerantz proiektatu ere bai, berrikuntzaz eta haren erroekiko errespetuaz baliatuta. Bi ekimenek artisau-lana, belaunaldiz belaunaldi helarazitako ezagutza eta bikaintasun teknikoa ezagutarazten dituzte, euskal gastronomiaren oinarri gisa eta etorkizun jasangarria eta kalitatezkoa izateko funtsezko euskarri gisa. Jose Migel Barandiaran antropologoaren ideiari jarraituz ("Ez gara geure baitan"), gastronomia ezinbestekoa da arte eta lanbideen bilakaeran, artisau-jarduerei garatzen laguntzen baitie. Halaber, itsasoa beti izan da inspirazio- eta sormen-iturri agorrezina euskal sukaldarientzat; hala da gaur egun ere, eta funtsezko eginkizuna du gure nortasunean, kulturan eta gastronomian. Baleontzien garaitik gaurdaino, Euskadiko elikagai eta kultura-eragile gisa aldatu da, eta gure sukaldaritza definitu duten produktu eta zaporeak eman dizkigu. Gaur egun, ikerketarako eta garapenerako eremu izaten jarraitzen du, eta, hor, berrikuntzak eta tradizioarekiko errespetuak bat egiten dute sukaldaritzako adierazpide berriei forma emateko.
Halaber, gastronomia, ororen gainetik, ospakizuna da: pertsonena, chefena, ekoizleena, artisauena eta, nola ez, jankideena. Izan garena eta gaur egun garena kontuan hartuz baino ez dugu aurrera egingo gure lurraldeko gastronomia bultzatzen, tokiko mailan zein nazioartean. Testuinguru horretan, zenbait liburu (adibidez, Mamia: mujeres que han transformado la gastronomía vasca (2024), zeina aurkezpen-ekitaldian eman baita ezagutzera), are esanguratsuago bihurtzen dira, sukaldaritza ulertzeko dugun modua zehazten duen jakituria identitario hori belaunaldiz belaunaldi zabaldu dutenen ondarea aitortzen eta ezagutarazten baitute. 2025ean, euskal nortasuna errespetatzea eta babestea konpromiso etenezin gisa sendotuko da, eta, zeregin horretan, sakon sustraitutako kultura-ondarearen zaindaria izango da gastronomia. Errezeta tradizionalak berreinterpretatuz, zubi bat eraikitzen da iraganaren eta orainaren artean, eta, horri esker, euskal sukaldaritzaren funtsak, luzaroan irauteaz gain, aurrera ere egiten du, sentikortasunez eta sormenez. Ikuspegi horrekin, kopiatu ez ezik, berrimajinatu ere egin nahi da, aspaldiko teknikak osagai garaikideekin fusionatzeko, baita plater enblematikoak gaur egungo eskari eta sentikortasunekin elkarrizketan diharduten esperientzia bihurtu ere.
Gainera, ildo hori itun bat ere bada ; itun bat lurrarekin, ingurumenarekin, osasunarekin eta animalien ongizatearekin, baita etorkizuneko belaunaldiekin ere; izan ere, atsotitzak dioen bezala, “ez dugu gure arbasoen lurra jasotzen; gure seme-alabengandik mailegatu besterik ez dugu egiten”. Azkenik, kultura protagonista izango da, eragile sortzaile gisa, kontzeptu honetatik abiatuta esperientzia aberastuz: “Gizakiak lurra lantzean sortzen da kultura”. Gastronomiak aparteko adierazpen kultural gisa duen balioa nabarmentzen du ideia horrek, gastronomia gai baita lurraldea, tradizioa, berrikuntza eta artea lotzeko. Proposamen horrekin, Mahaia Kolektiboak eta Mantalak euskal gastronomiarekiko beren konpromisoa berretsi dute 2025ean, eta nortasunaren, jasangarritasunaren eta sormenaren erreferentzia gisa proiektatuko dute mundu mailan.