Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Mantala euskal gastronomia sustatzeko ekimenak "Euskal Gastronomiaren Topaketa" antolatu du irailaren 27rako

19 Iraila 2022

Nola bultzatu euskal gastronomia? Nola eman ikusgarritasuna sektoreari? Nola indartu erakundeen arteko loturak? Galdera horiei eta beste batzuei erantzun nahi zaie Mantalaren (mantala.eus) bidez. Jakintza-trukea bultzatuz euskal gastronomia sustatu eta garatzera bideratutako ekimena da Mantala. Basque Culinary Centerrek; HAZIk; Mahaia Kolektiboak; Gozoak, Gipuzkoako Artisau-Gozogileen Elkarteak; Jakiteak; Euskal Gastronomiaren Akademiak; eta Fecogak, Kofradia Gastronomikoen Federazioak, bultzatzen dute ekimena, eta gaur aurkeztu dute LABe-Digital Gastronomy Lab-en, Donostian.

Mantala osatzen duten ekimenen artean, ‘Euskal Gastronomiaren Topaketa’ dago. Irailaren 27an izango da, Basque Culinary Centerren, eta euskal sektore gastronomikoa elkartuko du, ikuspegiak trukatzeko eta etorkizunari buruz hausnartzeko. Gastronomiaren balio-kateko kideak (sukaldariak, ekoizleak, ekintzaileak, industria gastronomikoa eta erakundeak) elkartuko dira egun berezi horretan, eta komunitate gastronomikoak ezagutzak eta ikuspegiak partekatuko ditu. Ekitaldian gastronomiaren sektoreko 300 profesional inguru biltzea espero da.  

Jardunaldiaren lehen zatia 09:30ean hasiko da, Basque Culinary Centerreko auditoriumean. Hainbat hitzaldi izango dira, besteak beste hauenak:Pedro Subijana, Elena Arzak, Aitor Arregi, Telmo Rodriguez, Lorena Gomez, Xabier Zabaleta, Juanma Oribe, Julen Baz, Nagore Irazuegi eta Itziar Insausti. Gainera, euskal kulturaren alorreko artista garrantzitsu batzuek ere parte hartuko dute, hala nola Alaia Martin eta Jon Maia bertsolariek.

Topaketaren bigarren zatia une hunkigarria izango da, Juan Mari Arzakek Basque Culinary Centerreko Patronatuko kide gisa egin duen lana aintzatetsiko baita eta erakundearen ohorezko patrono izendatuko baita. 

‘Euskal Gastronomiaren Topaketa’ jardunaldiaren amaiera gisa, bertaratuek bazkari bikainaz gozatzeko aukera izango dute Mahaia Kolektiboko sukaldari eta ekoizleen eskutik: Roberto Ruiz (Hika), Jon Ayala (Laia), Gorka Txapartegi (Alameda), Pili Manterola (Iribar), Xabier Gorrotxategi (Casa Julían), Dani López (Kokotxa), Aitor Arregi (Elkano), Aizpea Oihaneder (Xarma), Enrique Fleischmann (Bailara), Igor Arregi (Kaia), Rubén Trincado (Mirador de Ulía), Ismael Iglesias (Rita) Pablo Loureiro (Casa Urola), Paul Arrillaga (Zazpi), Basque Wine, Segurako Talogileak, Euskal Gaztak (Abatza), Euskal Ogia, Maisor Getaria eta Euskal Gozoak.

Aurkezpenean hauek izan dira: Basque Culinary Centerren zuzendaria, Joxe Mari Aizega; Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari nagusia, Iker Goiria;  eta Eusko Jaurlaritzako Kalitateko eta Elikagaien Industriako zuzendaria, Raúl Pérez Iratxeta. Mantala osatzen duten erakunde batzuetako ordezkariek ere parte hartu dute: Aitor Arregi, Elkano jatetxekoa, Mahaia Kolektiboaren izenean; Lorena Gómez, Gozoako lehendakaria, Gipuzkoako Artisau-Gozogileen Elkartea ordezkatuz; Xabier Zabaleta, Jakiteako lehendakaria, Gure Betiko Sukaldaritzaren izenean; eta Imanol Zubelzu, Mantalaren koordinatzailea.

 

Mantalari buruz

Jakintza-trukea eta elkarrekin sortzea bultzatuz euskal gastronomia sustatu eta garatzea xede duen ekimena da Mantala Basque Gastronomy. Basque Culinary Centerrek eta Hazik sustatzen dute, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Sailak bultzatzen duen Euskadiko Gastronomia eta Elikadura Plan Estrategikoaren esparruan. Mantala ekimenean, gainera, eragile-sare batek parte hartzen du; besteak beste, Mahaia Kolektiboa, Gozoa, Jakitea, Gastronomiaren Euskal Akademia eta Fecoga daude sare horretan.

Mantalak ezagutza- eta interakzio-gune bat osatzen du, eta bertan elkartzen dira gastronomiaren arloko ikerkuntzan, zabalkundean eta lankidetzan oinarritutako hainbat eduki eta proiektu. Ekimenak euskal gastronomiaren nortasun-balio nagusien garapena eta nabaritasuna sustatzen ditu, etorkizunerako ikuspegiarekin, kalitatezko eduki digitalak zabalduz eta ikusaraziz: (mantala.eus) webgunea eta sare sozialetako zenbait profil baliagarri dira ekimenen edukia eta euskal gastronomiari buruzko eduki esklusiboak zabaltzeko.

Desarrollado por: GureMedia