18 Uztaila 2014
“Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia” sailaren laugarren edizioaren aurkezpena
Lehendabiziko aldiz, programatutako filmek Tokyo Gohan Film Festivalek ematen duen sari bat jasotzeko aukera izango dute.
Basque Culinary Centerrek, Donostia Zinemaldiak eta Berlingo Nazioarteko Zinema-jaialdiak "Culinary Zinema" sailaren programazioa aurkeztu dute gaur, uztailak 18. Prentsaurrekoan izan dira Thomas Struck, Berlingo zinema-jaialdiko "Culinary Zinema" saileko arduraduna, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria, eta José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria.
Donostia Zinemaldiak duela lau urtez geroztik Berlingo Zinema-jaialdiarekin eta Basque Culinary Centerrekin dakarren lankidetzaren helburua da Euskal Herrian den zinemaren inguruko hitzordurik behinena eta munduan Michelin izar gehien biltzen dituen eskualdearen aberastasun gastronomikoa bat egitea.
"Culinary Zinema" sailaren laugarren edizioari irailaren 20an emango zaio hasiera The Hundred-Foot Journey filmaren eskutik. Filma zaporez gainezka dator eta Helen Mirren oscar-irabazlea du protagonista, Lasse Hallström zinemagile ospetsua zuzendari eta Steven Spielberg eta Oprah Winfrey, berriz, ekoizle. Aurtengo edizioaren programa zazpi filmek eta lau film laburrek osatzen dute guztira.
Film-sortarekin batera, ohi denez, nazioarteko ospea duten hainbat sukaldarik prestatutako afari tematikoak eskainiko dira Basque Culinary Centerren eta ni neu, Tenis Ondarreta eta Mirador de Uliako jatetxeetan.
Horrez gain, aurten lehendabizikoz, Tokyo Gohan Film Festivalarekiko lankidetzari heldu dio "Culinary Zinema" sailak. Oso kontzeptu argi batez hasi zen lehiaketa hura, 2010ean: film bat ikuste hutsetik harago joatea eta otordu batez bost zentzumenen bidez eta zinema eta musika onaren laguntzaz gozatzea, «film ezin gozoagoak» programatuta. Tokioko Harajuku auzoko Omote-Sandon egiten da zinemaldia, ordezko kultura eta bizimoduaz gozatzeko toki behinenean. Tokyo Gohan Film Festivalek aukeratutako epaimahai batek 10.000 €-ko sari bat esleituko dio "Culinary Zinema" atalean programatutako filmetako bati, eta filmaren nazioarteko banatzaileari edo, halakorik ez baldin badu, ekoizleari emango zaio.
Tokyo Gohan Film Festival jaialdiaren zuzendari Naoki Kairen hitzetan, «sekulako ohorea da Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean jardutea, eta espero dugu lankidetza oparo baten hasiera izatea hau; hala, Donostia, mundu zabaleko film gastronomikoak eta sukaldaritzako kultura Japonian ezagun egin daitezen, gure Zinemaldiari esker». Tokyo Gohan Film Festival-ek Yuko Shimoka, pictures.dept.com.ltd -ko presidentearen laguntza dauka.
«Culinary Zinema» saileko proiekziorako eta afarirako txartel bateratuak irailaren 1ean ipiniko dira salgai, 57,20 eurotan, Zinemaldiaren ohiko kanaletan.