26 Uztaila 2018
Gastronomiaren eta eraldaketa digitalaren elkargunean, LABe - Digital Gastronomy Lab sortu da. Basque Culinary Centerrek kudeatuko du, eta Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sartzen da; hots, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin elkarlanean, sustatutako ekimenean.
LABe - Digital Gastronomy Lab gastronomiaren eta sukaldaritzaren sektorean kontzeptu, produktu, zerbitzu eta esperientzia berriak, osagai teknologiko eta digitalarekin, batera sortzeko, esploratzeko, esperimentatzeko eta baliozkotzeko espazioa izango da. Startupak, industria eta erabiltzaileak bateratuko ditu. Gastronomiako balio-katearen etorkizuna modu aktiboan diseinatzen laguntzeko sortu da, sektorearen trantsizio digitala katalizatuz.
LABe-k bi solairu eta 1.400 metro karratuko espazioa izango ditu, eta hauek guztiak hartuko ditu: prototipoak egiteko ikerketa-laborategi bat, oinarri teknologikoko enpresa berrien azeleragailu bat, eta teknologia berriekin esperimentatzeko 4.0 jatetxe aurreratu bat.
LABe - Digital Gastronomy Lab proiektua BCC Innovation-en –Basque Culinary Centerren ikerketa-zentroa– parte izango da, eta Tabakaleraren prisman kokatuko da (kultura garaikidearen zentro horren eraikinaren buru den egitura), Donostian. Gastronomiaren eraldaketa digitalean espezializatutako laborategia izan nahi du, nazioarteko erreferentea izan ere.