Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerrek GOe eraikitzeko prozesuaren bilakaerari buruzko xehetasunak aurkeztuko dizkie herritarrei saio ireki batean

13 Azaroa 2023

Basque Culinary Centerrek herritarrentzako saio irekia antolatu du gaur arratsaldean, Okendo Kultur Etxean. Saioan, Construcciones Amenabar eta Lur Paisajistak ere arituko dira, proiektuaren bilakaeraren berri emateko eta donostiarrei GOe, Gastronomy Open Ecosystem, eraikitzeko prozesuaren xehetasunak helarazteko.

GOe-k gastronomia, berrikuntza, ekintzailetza eta ikerketa integratzen dituen espazio bat osatzen du. Basque Culinary Centerren proiektu estrategiko bat da, lurraldeak gastronomian duen rol erreferentziala sendotzen jarraitzea ahalbidetuko duena eta Donostiako Gros auzoan kokatuko dena.

GOe-ren edukia eta jarduera aurkeztean, Basque Culinary Center abian jartzeak ekarri zuen erronka berrikusiko da, eta ekonomiaren, posizionamenduaren eta jardueraren ikuspegitik egin zuen ekarpena. Emaitza horiek, berritzen jarraitzeko premiarekin eta gastronomian nazioarteko erreferente den hiriaren posizionamendua sendotzeko helburuarekin batera, GOe sortzeko oinarriak dira.

 

GOe Donostiako Gros auzoan eraikiko da. Donostiako Udalak lagatako partzelak 3.800 m² ditu, berrantolatu den 24.250 m²-ko hirigintza-azpieremu baten barruan. Proiektua hasi zenetik, kontuan hartu dira ingurunea eta ingurunearekiko begirunea. Bjärke Ingles zuzendutako Danimarkako BIG arkitektura-estudioa, nazioarteko erreferentea eta nazioarteko arkitektura planteamendu berritzaileenetakoen arduraduna, hiriaren ikono berri bihurtuko den eraikinaren diseinuaren arduradunak dira. Proiektuak hiru ardatz nagusi ditu oinarri: eraikinaren irekiera eta elkarrizketa hiriarekin, eraikinaren integrazioa ingurunean jasangarritasunaren eta egokitzapenaren ikuspegitik, eta eraikinaren aldakortasuna eta funtzionaltasuna hainbat jarduera hartzeko. Alde horretatik, gainean ibiltzeko moduko landare-estalkia duen proiektu bat eraikitzea erabaki da; hala, ahal den neurrian, Nafarroa etorbideko zuhaitzekin eta zonako urbanizazioa amaitzen denean osatuko den zuhaiztiarekin, berdegunea errespetatuko da.  

 

 

Basque Culinary Centerrek bi txosten tekniko eskatu dizkie bi espezialistari inguruko landare-espezie bakoitzaren bideragarritasuna identifikatzeko. Informazio hori Donostiako Udalarekin partekatu da, eta elkarrekin erabakiko da landarediaren erabilera eta konpentsazio koherentea.

 

Azpimarratu behar da ibiltzeko moduko terrazetako landaredia hautatu dela ekarpen ekologiko nabarmena egin duelako. Estalkiak 1.405 m2 ditu, landaketa eremuekin; horietatik 240 m2 Dischondra eremuak dira, soropilaren ordezko gisa aritzen direnak, eta gainerakoak landare bizien barietate desberdinak. Guztira 8.500 unitate dira, eta intsektuentzako loratze onuragarriak ekartzen dituzte, ekosistema txiki bat sortuz, hiriko bizitzari laguntzen diona.

 

Lurzoru naturaleko lorategietan 10 zuhaitz landatuko dira, 5 unitate, pinazi pinuak eta 5 unitate, japoniako astigarrak, multzoari itzala eta bolumen berdea ematen diotenak.

 

Estalki berdeek onurak ekartzen dituzte euri ura atxikitzeari, airea arazteari eta giroko ten-peratura murrizteari dagokienez. Gainera, hiriko biodibertsitatea eta ekosistemen sorrera sustatzen dituen gunea izango da, proiektuaren ardura duen paisaia-enpresak dioen bezala.

 

 

Construcciones Amenabar enpresak eraikiko du Goe, eta 17 hilabete izango ditu horretarako. Lanak 2025eko udaberrian amaitzea aurreikusten da. Azaroaren amaieran hasiko da eraikuntza-fasea.

 

Herritarrei ahalik eta gutxien erasatea  izan da kezketako bat obra definitzeko eta planifikatzeko orduan. Alde horretatik, Nafarroa etorbidea ez da trafikoarentzat itxiko, unean uneko premiengatik izan ezik, eta kamioien sarrera-irteerak Rodil kaletik egingo dira, etorbideko trafikoari ez eragiteko. Horrek eraikuntza zailduko duen arren, soluzio hori aukeratu da, ahal den heinean oztopoak saihesteko. GOerekin muga egiten duen Nafarroa Hiribideko espaloia segurtasun arrazoiengatik moztuko da. Ebaketa hori hasieratik edo obrak aurreratuago daudenean egingo den baloratu behar da, 2024 aldera. Rodil kaletik hurbilen dauden eskailerak obren eremuaren barruan sartzen dira; beraz, Groseko goiko alderako oinezkoen sarbidea Rodil kaletik edo Okendoko eskaileretatik egin beharko da, eta, beharrezkoa izanez gero, argiztapena indartuko da.

 

Herritarrei entzutea

 

Eraikuntzaren garapenarekin batera, hiru partaidetza-saio aktibatuko dira, GOe-ren edukia eta jarduera ardatz izango dituztenak. Parte hartzeko dinamiken bidez herritarren premiak jasotzea da saio horien helburua, GOe-ren jardueran isla daitezen. Lehen saioa azaro bukaeran izango da.

 

Gainera, aste honetan zehar, herritarren arretarako informazio-bulego bat irekiko da Nafarroa etorbidean, herritarrek proiektuaren eraikuntzari buruzko zalantzak eta kontsultak helarazteko aukera izan dezaten. Bulegoaren helburua bikoitza da: batetik, gerta litezkeen afektazioen berri ematea eta haiei aurre egitea, eta, bestetik, entzute aktiboko gune bat da, herritarren premiak ezagutzeko balio izango duena.

 

Nabarmentzekoa da Basque Culinary Center ere lanean ari dela proiektuaren edukian, aliantzetan, talentu ikertzaile, berritzaile eta ekintzailea erakartzeko programetan, etab. Gastronomiarekiko grina talentuarekin, ikerketarekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin uztartzen duen proiektu paregabea da GOe.

 

Desarrollado por: GureMedia