23 Ekaina 2020
Basque Culinary Center-ek nazioartean duen erakunde aitzindariaren rola indartu du, “Gastronomy Shapers” online prestakuntza-ekimena aurkeztu baitu. Egitasmo horretan, nazioarteko gastronomiako diziplina askotako 100 adituk baino gehiagok parte hartuko dute eta urtebetez gastronomiaren oraingo eta etorkizuneko errealitatea osatzen duten gaiak landuko dituzte.
Programa aitzindaria da, Fakultateko eredu akademikoa, praktikan eta esperientzian oinarritutako metodologia duena, eta punta-puntako 100 profesional gastronomiko baino gehiagoren ikuspegiak eta gogoetak uztartuko baititu. Ekimenean parte hartuko duten “Gastronomy Shapers” kideek sektorearen oraina eta etorkizuna definitzen ari diren begirada osatzen dute.
Hitzaldietan, gastronomiaren egungo errealitate zabala jasotzen duten gaiak landuko dira. Sukaldea arloan, honako gai hauek landuko dira, besteak beste: sorkuntza, iraunkortasuna, zero waste, produktuari balioa ematea, teknikak, kultur nortasuna duten sukaldaritzen garapena, sukaldaritza-arloko ikerketa eta berrikuntza... Gainera, honako hauen inguruko ikastaro eta hitzaldiak eskainiko dira: gozogintza, zerbitzua eta aretoa, koktelgintza, enpresa kudeaketa, zientzia eta sukaldaritza, elikadura berrikuntza eta kultura eta gizartea.
Nazioarteko ospea duten chef eta adituak, besteak beste: Ferran Adriá, Joan Roca, Carlo Petrini, Andoni Luis Aduriz, Alice Waters, Gastón Acurio, Dominique Crenn, Dan Barber, Mauro Colagreco, Quique Dacosta, Leonor Espinosa, Eneko Atxa, Douglas McMaster, Pablo Rivero, Kyle-Katina Connaughton, Matt Orlando, Rodolfo Guzman , Narda Lepes, Virgilio Martínez, Manu Buffara, Antonio Bachour, Lars Williams, Janice Wong, Pitu Roca, Lynda Deakin (IDEO), Ruth Rachel (Kazetari gastronomikoa), Ignacio Morgado (Katedraduna, neurozientzian aditua), Pia Sorensen (Harvard University), Cesar Vega (Gastronomica Quantum), Hiroaki Kitano (Sony Computer Science) eta Daniel Innerarity (Filsofoa). Hizlari horiek parte hartuko dute, beste batzuen artean, proiektuan. Parte hartzaileen zerrenda osatzen eta handitzen joango da urteak aurrera egin ahala.
Modulu bakoitzeko lanari hasiera emateko, ikasleek gai bakoitza prestatuko dute; eduki multimediaren bidez, ongi jabetuko dira adituaren ikuspegiaz eta ibilbideaz. Horren ostean, topaketa bat egingo da aditu bakoitzarekin, hausnarketak partekatu eta zalantzak argitzeko saio bat.
Hitzaldi guztiak Zoom Academyren bidez egingo dira eta ikasleak Fakultateko elearning plataformaren bidez sartuko dira eduki espezifikoetara. Graduko eta hainbat ikastaro eta masterretako ikasle guztiek, eta baita ikasle ohiek ere izango dute gune horretara sartzeko aukera, eta euren prestakuntza aberastuko dute eduki esklusiboak eskuratzeari esker. Zuzeneko saioen ondoren, hitzaldiak Basque Culinary Center-en webgunean argitaratuko dira modu irekian.
Azken urteotan, gastronomiak dimentsio globala hartu du eta gertakari berritzailea bihurtu da. Aurten, berriz, koronabirusak eragindako pandemiak asko kaltetu du sektorea. Egoera horren aurrean, Basque Culinary Center-ek erabaki du ez gelditzea eta lanean jarraitzea irtenbide eta bide berriak bilatzeko, gastronomia arloko prestakuntzarekin eta ikerketarekin aurrera egite aldera, bai eta apurtutako sektore eta komunitatea egokitu, berrasmatu eta kohesionatu, eta ikasleen prestakuntza-eskaintza aberaste aldera ere.
Basque Culinary Center-en ustez, hausnartzeko garaia da, malguak izateko, sortzaileak izateko, teknologiaz ikasi dutena egokitzeko, berritzeko eta ekiteko garaia, eta horixe erabili nahi du euren ikasleei eta sektoreko profesionalei onena emateko. Horregatik, Basque Culinary Center-ek proiektu berri hau bultzatu nahi izan du, uste osoa baitu, esperientzia horretan oinarrituta, gastronomiari eta etorkizuneko belaunaldien prestakuntzari laguntzen jarrai dezakeela.