11 Abendua 2024
Basque Culinary Centerreko Patronatuak erakundearen 2025-2028 Plan Estrategikoa onartu du. Erakundeak lau urte hauetan zehar jorratuko dituen jarduera eta ekimenen eraldaketa eta zabalpenagatik nabarmentzen da ibilbide orria. Izan ere, Basque Culinary Center askotariko jarduera eta negozioen ekosistema gisa definitzen da, munduan bakarra den ezagutza gastronomikoko ekosistema gisa. Basque Culinary Centerrek etapa zirraragarri honi aurre egingo dio bere sorrerako xedearekin koherentziaz: gastronomiaren potentziala garatzea, garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa. Erakundeko kideak gastronomiaren ekarpen ekonomiko eta sozialaren hazkundea bultzatzera sustatzen dituen misioa. Hamahiru urteko ibilbidearen ondoren, 2025-2028 aldian, Basque Culinary Centerrek eraldaketa eta eboluzio sakoneko etapa bati aurre egingo dio, bikaintasuna eta grina funtsezko baliotzat hartuta. Erakundeak nazioartean duen erreferentzialtasunean eragina izango duten titulazio eta ekimen berriak diseinatu eta abiaraztea planteatzen da. GOe inauguratuko da, ikerketan, ekintzailetzan eta berrikuntzan erreferentziazko zentro bihurtzeko helburuarekin, eta EDA Drinks & Wine Campus garatuko da, edarien eta ardoaren sektorean ekimen eragile eta berritzaile bezala. Hori guztia iraunkortasuna zeharkako ardatz gisa hartuta.
Basque Culinary Center ekosistema 2028an
Erakundearen bilakaeraren proiekzioak erakundeak izango duen eraldaketa eta hazkundea adierazten ditu. Basque Culinary Centerrek lau egoitza eta hiru garapen-eremu izango ditu 2028an: Ostalaritza eta sukaldaritza, elikadura eta industria, eta ardoa eta edariak. Prestakuntza-eskaintzari dagokionez, beste prestakuntza-programa batzuen artean, 2 unibertsitate-gradu eta 25 master eta titulu propio izango ditu. Egoitzetatik 1.200 ikasle baino gehiago, 2.000 profesional eta 4.000 zale baino gehiago igaroko dira urtean, eta aurreikusita dago Fakultateko Doktoretza programan 50 doktoregai baino gehiago izatea. Zentro teknologikoan, batez beste, 80 ikerketa- eta berrikuntza-proiektu egingo ditu urtean, eta baita Europako 10 bat proiektu. Ekintzailetza arloak 70 startup egoiliar eta 150 startup inguru izango ditu inkubatuta edo azeleratuta. Nazioarteko proiekzioa indartu egingo da, ez bakarrik alderdi akademikotik eta ikerkuntzatik, baizik eta baita berrikuntzaren aldetik ere; izan ere, 2028an, nazioarteko 4 hub sortzea aurreikusten da, 2024ko azaroan Tokion inauguratu zen lehenengoari gehituz. Ildo horretan, Basque Culinary Centerreko ekosistema osatzen duten pertsonen taldea ere hazi egingo da, eta 250 pertsona baino gehiago izango ditu.
Etorkizuneko ekimenak
Gastronomia Zientzien Fakultateak erronka honi aurre egiteko, gaitasun berritzailea eta konprometitua duten pertsonak prestatzea du helburu, gastronomiaren sektorean ezagutzaren eta lidergoaren bitartez eragin positiboa sortzeko gai direnak, hezkuntza eredu berritzaile bati esker, ikasleen esperientzia, ikaskuntza praktikoa, diziplina aniztasuna eta ezagutza aurreratua oinarri hartuta. Hori sektorearekin batera diseinatutako eta sortutako prestakuntza-eskaintza zabalean islatuko da, eta berezko titulua duten master eta programa berriak abiaraztea ekarriko du. GOe Basque Culinary Centerren beste proiektu garrantzitsu bat da, eta 2025eko udazkenean martxan jartzea aurreikusten da. Bere helburua gastronomiaren esparrutik etorkizun gozo bat lortzen laguntzea izando da, talentuaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren bitartez. Erakunde publikoekin eta enpresa pribatuekin lankidetza estuan arituz, elikadura zaporetsu, osasungarri eta jasangarria sustatuz, GOe-k ezagutzaren, berrikuntzaren eta talentuaren komunitate globala osatuko du, eta honako hauek bilduko ditu: Gastronomiako Zentro Teknologikoaren ikerketa- eta berrikuntza-jarduera; berrikuntza bultzatzeko eta ekintzaileei laguntzeko programak, masterren eta etengabeko prestakuntzaren eskaintza espezializatua; topaketak eta erreferentziazko ekitaldiak; eta herritarrak kultura gastronomikoa ikertzeko, berritzeko eta sustatzeko prozesuetan integratzea.
EDA Drinks & Wine Campusek, bestalde, ardoaren eta edarien sektorean nazioarteko trakzio- gune berritzailea sortuko du, prestakuntza-, ikerketa-, berrikuntza- eta ekintzailetza-jardueren bikaintasunari eta lanbide-komunitateari eta herritarrei egindako transferentziari esker. EDAren ikuspegira egokitutako prestakuntza-eskaintza berritzaile baten bidez eta Gastronomia Zientzien Fakultatean palanka-efektuarekin, ardoaren eta edarien sektoreei laguntzeko balio duten berrikuntzako ikerketa-estrategiak zabalduko ditu. Gainera, ekintzailetza bultzatuko du, proiektuak eta startupak inkubatzeko eta bizkortzeko programen bidez. Azken batean, 13 urteko hazkunde eta sendotzearen ondoren, Basque Culinary Centerrek nazioarteko posizionamenduan eragingo du, hainbat erakunde, enpresa eta entitaterekin duen lankidetzari esker, eta bere jarduera GOe eta EDA proiektuekin indartuz, gastronomian aplikatutako ezagutzaren arloko nazioarteko ekosistema onena izateko helburuarekin.
Basque Culinary Center Patronatua
Patronatua Basque Culinary Center Fundazioaren organo gorena da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sukaldaririk ospetsuenetako bederatzik osatzen dute, besteak beste hauek: Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategui, Andoni Luis Aduriz, Karlos Arguiñano, Elena Atxa, Hilario Arbelaitz, Diego Guerrero eta Aitor Arregi. Besteak beste, honako erakunde hauek ere osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Azti eta Mondragon Unibertsitatea. Patronatuko kide dira, halaber, Eroski, Martiko, Covap, Mahou-San Miguel eta Onnera Group - Fagor enpresa liderrak.