09 Abendua 2024
Basque Culinary Centerrek eta BSTK Basotik Fundazioak —basoen kudeaketa jasangarria bermatzea helburu duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakundea— lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, eta, haren bidez, Basque Culinary Centerrek 10 hektarea basoberrituko ditu 8 urteetan eta gastronomia jasangarriarekin harremana dute beste ekimen batzuk burutuko ditu. Basque Culinary Centerren garapen jasangarrirako plan estrategikoaren barruan kokatzen da hitzarmena, eta erakundearen karbono-aztarna murriztea du xede, gastronomia jasangarria sustatzearekin batera. Aurkezpenean parte hartu dute Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, Jon Ander Ostolaza BSTK Basotik Fundazioko kudeatzaileak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, eta, iragarri dutenez, lankidetza horren bidez, 10 hektarea horiek basoberritzeaz gain, bestelako ekimenak ere egingo dira, zerikusia dutenak baso-ondare iraunkorrarekin, gastronomia iraunkorraren inguruko ikastaroekin, Mantala eta antzeko ekimenen bidezko jarduerekin eta baso-ondarearen kudeaketa ekologikoarekin.
Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak adierazi duen bezala, "Basotik Fundazioaren eta Basque Culinary Centerren arteko sinadura urrats funtsezkoa eta beharrezkoa da fundazioaren helburuan aurrera egiteko, alegia, lurraldeko eragileak Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarri eta aurreratuan inplikatzeko helburuan aurrera egiteko, gure ingurune natural berdea zaintzea guztion erantzukizuna baita". Era berean, eta BCCrekiko akordioa azpimarratuz, Arrutik gaineratu du "mugarri berezia da gaurkoa; izan ere, lankidetza horri esker, gure basoek eskaintzen dituzten baliabideak aprobetxatzeko modu berritzaile berriak aztertu ahal izango dira, herritarrak ingurune berdearekin konektatuz, sukaldaritzaren bidez". Bestalde, Joxe Mari Aizegaren hitzetan, “2030 agenda eta gure konpromiso soziala kontuan hartuta, estrategikoa eta zirraragarria da Basotik proiektuarekin dugun akordioa. Basque Culinary Center osatzen dugun komunitate osoa basoen sentsibilizazioan eta zaintzan inplikatzeko modu bat izango da, gure karbono-aztarna murrizteaz gain. Sektore gastronomikoa eta herritarrak inplikatzen dituzten hainbat ekimenen bidez, gure basoen eta gastronomiaren arteko harremana babesten dugu”. Bestalde, Joxe Mari Aizegaren hitzetan, “2030 agenda eta gure konpromiso soziala kontuan hartuta, estrategikoa eta zirraragarria da Basotik proiektuarekin dugun akordioa. Basque Culinary Center osatzen dugun komunitate osoa basoen sentsibilizazioan eta zaintzan inplikatzeko modu bat izango da, gure karbono-aztarna murrizteaz gain. Sektore gastronomikoa eta herritarrak inplikatzen dituzten hainbat ekimenen bidez, gure basoen eta gastronomiaren arteko harremana babesten dugu”.
HITZARMENAREN EKINTZAK
Hitzarmen honen bidez, Basque Culinary Centerrek konpromisoa hartu du 8 urtean gutxienez hamar hektarea lur basoberritzeko. 2025ean, Aretxabaletan dagoen lursail bat basoberrituko du bertako haritzarekin (Quercus robur). Basque Culinary Centerrek hainbat kolektiboren parte-hartzea bultzatuko du (langileak, ikasleak, irakasleak, etab.), haiek guztiak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko. BSTKk ezagutza aditua eskainiko du hauen inguruan: basoberritze-ekintzak noiz egin behar diren, basoberritzeko modurik egokiena zein den eta zein espezie aukeratuko diren. Aldi berean, Basque Culinary Centerrek basoberritze-ekintzaren osagarri izango diren hainbat ekintza ere jarriko ditu martxan, hala nola herritarrak sentsibilizatzeko trebakuntzak; horretarako, gastronomia tresna eraldatzaile gisa erabiliko du, jasangarritasunarekin, kulturarekin, lurraldearekin eta elikadura arduratsuarekin lotutako balioak sustatzeko. Ekimen horren barruan, basoei lotutako gastronomia nabarmenduko duten ikastaroak egingo dira, eta, besteak beste, gai hauek landuko dira: baliabideen aprobetxamendua, tokiko eta sasoiko produktuen sustapena, eta esperientzia gastronomiko berritzaile eta kontzienteen sorreran ingurumenarekiko eta sukaldaritza-tradizioekiko errespetua txertatuko duten praktikak. Azkenik, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute euskal gastronomia eta gure lurraldearen balioa sustatzeko eta garatzeko, Mantala Basque Gastronomyk bultzatutako ekitaldi eta proiektuen bidez. Ekimen horren xedea euskal gastronomia indartzea da, ezagutza-trukearen, baterako sorkuntzaren eta lurraldearen eta bertako baliabide naturalen balioa nabarmenduz. Ahalegin hori, batez ere, Gastro Gaztea proiektuan oinarrituko da. Proiektu horrek gazteen talentua, tokiko produktua eta jasangarritasuna ditu ardatz, eta euskal sukaldari gazteei eta tokiko ekoizleei ikusgarritasuna ematea du helburu.
BASOEN ZAINKETA JASANGARRIAREN ALDE
BSTKren helburua Gipuzkoako basoen utzikeria eragoztea da; horretarako, zaintza-zerbitzu jasangarri bat eskaintzen die baso-jabeei, alderdi ekonomikoetatik harago, ingurumen- eta jasangarritasun-irizpideak kontuan hartuko dituena, lurralde historikoko baso-masa proiektu komun batean bildu eta haren kudeaketa osoa aurrera eramateko. Testuinguru horretan, Basque Culinary Centerrek ahaleginak eta baliabideak bateratuko ditu BSTKrekin, bi erakundeen intereseko proiektuak garatzeko, gastronomia jasangarriaren eta baso-ondarearen kudeaketa ekologikoaren bidez erakundeak sendotzen eta gizartea hobetzen laguntzeko. Horretarako, urtero hiru esparruetako jarduerak egitea adostu dute. Alde batetik, basoberritzeko jarduerak, klima-aldaketa arintzen laguntzeko CO2 gehiago xurgatuz, hainbat zuhaitz-espezie landatzeko elkarrekin lan eginez, monolaborantza saihestuz eta espezie autoktonoen basoak badaudela ziurtatuz; hala, Gipuzkoako basoak “erresilienteagoak” izango dira izurriteei eta gaixotasunei aurre egiteko. Bigarrenik, trebakuntzako jarduerak, gure basoak eta eskaintzen dituzten aukera guztiak hobeto ezagutzeko; horrek basoak babesten eta lurraldeko biodibertsitateari eusten lagunduko du. Eta, azkenik, sustapen-ekintzak, gure lurraldearen balioa nabarmentzen lagunduko dutenak. Gainera, jarduera guztiak gauzatzeko garaian euskara erabili ahal izango dela bermatuko da, parte hartzen duten pertsona guztiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean jardun ahal izan dezaten. Era berean, parte hartzen duten alderdiek genero-ikuspegia txertatuko dute hitzarmen honen inguruan egin behar dituzten jarduketa guztietan.