15 Urtarrila 2025
Duela urtebete EDA-Drinks and Wine Campus-ek egindako konpromezuari erantzuna emanez, gaur “Mahastizaintza eta ardogintza topaketa: Arabako Errioxa: tradizioa, kalitatea, aurrerapena eta etorkizuna” burutu du Laguardian, proiektuaren egoera aurkezteko, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskutik. Topaketan, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sektorea sustatzeko planak aurkeztu ditu, eta EDA Drinks & Wine Campus proiektuaren bilakaera eta hurrengo urratsak aurkeztu dira. Euskadiko ardoaren eta edarien sektorearen posizionamendua indartuko duen ekimena da, nazioarteko proiekzioa izango duena, ardoari ez ezik beste edariei ere laguntzen dien talentua eta balio erantsia emanez. Hauek mintzatu dira ekitaldian: Amaia Barredo, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua; Josu Garaialde, HAZIko Sustapen Sektorialeko zuzendaria; Raúl Pérez Iratxeta, Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordea; eta Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia. Networkingerako eta Arabar Errioxako sektoreko profesionalen arteko elkarrizketarako tartea ere izan da topaketan, zenbait lan-dinamikaren bidez. Haietan, ideiak trukatu eta sinergia berriak sortu dira, eta komunitatea sektoreko bikaintasunaren eta jasangarritasunaren inguruan biltzea sustatu da.
EDA DRINKS & WINE CAMPUS: martxan dagoen errealitate bat
2024 urte garrantzitsua izan da EDArentzat. Antolatutako jarduera desberdinen bitartez, 2000 pertsona baino gehiagok ezagutu dute proiektua; arkitektura irabazlearen estudioa aurkeztu da, Carvalho Araújo (Portugal), “Mugarik gabe” izenarekin bi egoitzak diseinatuko dituena; proiekturako estrategikoak diren bi organo aktibatu dira: Upeltegien Kontseilua eta Batzorde Aditua, biak sektoreko profesional ezagunek osatuak; eta prestakuntza espezializatua aktibatu da. Prestakuntzaren alorrean ere bere lehen urratsak eman ditu EDAk, eta bi prestakuntza- ekintza eskaini ditu Basque Culinary Centerren, ardoaren eta sagardoaren munduari lotuta. Gainera, Basque Culinary Centerrekin batera, WSET (Wine & Spirit Education Trust) ziurtagiriaren prestakuntza-entitatea da EDA, mundu mailako liderra da ardoen eta edarien ziurtapenean, eta ziurtapen horrekin lotutako lehen ikastaroak antolatu ditu 2025erako. Horrekin batera, asmo handiko prestakuntza-plan bat eta ibilbide-orri akademiko bat zehaztu ditu, hezkuntza-eskaintza eta sektorean duen posizionamendua indartzeko —datozen asteetan aurkeztuko ditu. Aldi berean, EDAk, orain arte, 8 ekitaldi antolatu ditu penintsulako hainbat tokitan, ardoetan, NOLO edarietan eta garagardoetan arreta berezia jarrita, gazteen talentuari eta berrikuntzari ikusgarritasuna emanda, eta nazioartean izen handia duten hizlariak kontuan hartuta. Harreman-sareari dagokionez, EDAk sendotu egin du sektorean duen presentzia, topaketa ugari antolatu eta haietan parte hartu baitu. Hala, 2.000 profesional baino gehiagorekin elkarrekintzan aritzea lortu du aurreko ekitaldian, eta horrek edarien eta ardoaren arloko erreferente gisa duen posizioa indartu du. Gainera, 2024an Batzorde Aditu bat eratu da, edarien eta ardogintzaren arloko nazioarteko profesional gailenek osatua. Batzorde horrek, era berean, Upeltegien Kontseiluko kideen laguntza izango du. Kontseilua maila nazionaleko erreferentziako upeltegien ordezkariek osatuko dute, eta haien ikuspegia eta esperientzia eskainiko dituzte, hurrengo urteetan EDAren ildo estrategikoak zehazteko, aukera berriak identifikatzeko eta sektorearen aurrerapenari lagunduko dioten elkarrizketa- eta ekintza-guneak irekitzeko.
Hurrengo pausuak
2025. urte honetan, EDAk lan-ildo horretan jarraituko du: edarietan espezializatutako eta kualifikatutako prestakuntza zabaltzearen aldeko apustua egingo du, sozializazio-jarduerak egingo ditu, tokiko eta nazioarteko ekitaldiak antolatuko ditu, harreman estrategikoen sarea indartuko du, eta sektoreko berrikuntza sustatuko du, mahastizaintzaren eta edarien arloan erreferente global gisa sendotzeko, etorkizuneko erronkekin eta aukerekin lerrokatuta. Eraikuntza-lanak urte amaieran hastea aurreikusten da. Aldi berean, sektoreari zuzendutako 15 prestakuntza-ekimen egingo dira. Horien artean, “Ikasketa-tantak” izeneko ekimena nabarmentzen da. Jardunaldi horietan, sektoreari buruzko esperientziak eta hausnarketak trukatuko dira; Ardoaren Munduko Talentu Gazteen Topaketak antolatuko dira berriz ere, horietako bat Euskadin, komunitatea sendotzeko helburuarekin. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak adierazi duenez, “zirraragarria da aurrera egitea, erakunde publikoen eta nazioarteko profesional garrantzitsuen inplikazioarekin. Proiektu honek, hezkuntza- eta ikerketa-erreferente izateaz gain, edarien eta ardoaren sektorearentzako eraldatze-eragile ere izan nahi du, lankidetza, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatuz eta sektorearen eta lurraldearen etorkizuna ulertzeko moduan mugarri eta geroa ezarriz.” EDAk sektoreko tokiko eta nazioarteko erakunde eta profesionalekin, enpresa aitzindariekin, upategiekin, mahastizainekin, unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin aliantzak eta sinergiak ezartzeko duen sortzetiko konpromisoaren testuinguruan egin da Guardiako gaurko ekitaldia.
EDA Drinks & Wine Campus
EDA Drinks & Wine Campus Basque Culinary Centerrek garatu du EDA Drinks & Wine Campus ekimena, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatu dute; geroago, Gasteizko Udala gehitu zaie. Edarien eta ardoaren bidez garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatzea izango du helburu, eta, horretarako, ahaleginak egingo ditu talentua erakartzen, Basque Culinary Centerren Gastronomia Zientzien Fakultatetik unibertsitate-ikasketak eta master espezializatuak eskaintzen, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzen, eta sektorera ezagutza transferitzera bideratutako ikerketa ildoak garatzen, betiere nazioarteko proiekzioarekin, ikuspegi integral batekin eta bikaintasuna helburu. Ikuspegi irekia oinarri, nazioarteko proiektu aitzindaria izango da EDA Drinks & Wine Campus. Gasteizko eta Guardiako egoitzetatik eta Basque Culinary Centerren Donostiako egoitza nagusitik ardoaren eta edarien sektorea eraldatzen lagunduko du, nazioarteko erreferentea izateko berrikuntzaren alorrean. Horrez gain, osagai bereizgarria eskainiko die enpresei mahastizaintza eta agronomia, elaborazioa, kudeaketa, merkaturatzea, abegikortasuna, negozio-diseinua eta beste alderdi batzuk aintzat hartuta, betiere bikaintasuna, jasangarritasuna eta osasuna oinarritzat izanda, ikuspegi globalarekin eta garapen ekonomikoa eta soziala sortuz.