08 Azaroa 2024
EDA Drinks & Wine Campuseko Aditu Batzordearen lehen bilera egin da Basque Culinary Centerren, edarien sektoreko balio-kate osoko espezialistak elkartu eta mahastizaintza, ekoizpena, merkaturatzea, kudeaketa, erakunde-koordinazioa eta bestelako alor batzuen nazioarteko ikuspegia barne hartzen duten ikuspuntuak jasotzeko.
Batzordeak orientazioa eta gidaritza estrategikoa eskainiko ditu edarien eta ardoaren sektoreko alderdi hauen inguruan: trebakuntza, ikerketa-, berrikuntza- eta ekintzailetza-estrategien garapena eta joera berriak.
Batzordeak ikuspegi irekia duenez, profesional gehiago sartu ahal izango da pixkanaka etorkizunean; lehen inaugurazio-saio honetan formalizatu den batzordea edarien eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreetako balio-kate guztiko dozena bat figurak osatzen dute, guztiak ere ospetsuak nazioartean: Mireia Torres, Familia Torres etxekoa, mahastizaintzan, ardogintzan eta I+G+Bn aditua eta aitzindaria, nazioarteko ikuspegia duena; Pepe Hidalgo, ardogintzan aditua, aholkularia eta alor honetako liburu aintzatetsien egilea; Liz Thach doktorea, MW (Master of Wine), nazioarteko kudeaketan aditua, unibertsitate-irakaslea, idazlea, aholkularia eta Wine Market Council batzordeko presidentea; Juan Vázquez, kooperazioaren sektoreko aditua; José Luis Benítez, Ardoaren Espainiako Federazioko (FEV) zuzendari nagusia; César Saldaña, Jerez jatorri-deituraren presidentea; Matthew Forster, MW, ardoaren eta edarien inguruko hezkuntzan, legegintzan eta araudietan aditua; Paco Berciano eta Maribé Revilla, Alma Vinos Únicos etxearekin ardo finak estatu mailan banatzen eta inportatzen adituak; Catriona Felsteald, MW, Berry Brothers & Rudd etxeko ardo-erosle seniorra; Mikel Zeberio, izen handiko kazetari gastronomikoa eta Basque Culinary Centerren kolaboratzailea; eta Pedro Ballesteros, MW, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean eta Europako araudietan aditua, idazlea eta ardoaren alorreko aholkularia.
EDA Drinks & Wine Campusek profesional horiekin lan egin nahi izan du, sektore guztiari lagunduko dion ezagutza-, ikuspegi- eta esperientzia-truke bat egiteko. Hala, helburua da EDA Drinks & Wine Campus erreferente globala eta irisgarria izatea ardoaren inguruko hezkuntzan, ikerketan eta kulturan.
Lehen saio honetan, edarien eta ardoaren sektorearen etorkizunari buruzko ikuspegi partekatua garatu du Batzordeak; horrez gain, EDA Drinks & Wine Campusek hezkuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren alorretan balio-sortzaile gisa duen rola indartu du. Gainera, bilerak balio izan du estrategia kolaboratiboak definitzeko eta sektorearen premiak eta EDAren prestakuntza- eta berrikuntza-gaitasunak lerrokatzen direla bermatzeko.
URRATS BERRIA EDA-RENTZAT
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak adierazi duenez, “zirraragarria da nazioartean hain izen ona duten profesional inspiratzaileen laguntza izatea bide honetan aurrera egiteko prozesuan. Ezagutza aditua da EDA Drinks & Wine Campusen garapenaren oinarria, betiere mundura irekitako ikuspegiarekin eta bikaintasuna bide-orri gisa hartuta, hartara, etengabe hazteko eta berritzeko”
EDAk erakunde eta profesional entzutetsuekin, enpresa aitzindariekin, upategiekin, mahastizainekin, unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin aliantzak eta sinergiak ezartzeko duen fundatze-konpromisoaren testuinguruan eratu da Aditu Batzordea. Gainera, mahastizaintzaren eta ardogintzaren ekosistema osora talentua erakarri eta garatuko duten ideia berriak sortzeko topagune bat sortzeko aukera emango du.
EDA Drinks & Wine Campus parekorik gabeko diziplinarteko proiektua da, Euskadin nazioartera begira sortua eta ikuspegi integralekoa. Batzordeko adituen laguntzaz gainera, Upategien Batzordeko kideen laguntza ere izango du laneko ildoak zehazteko, aukerak identifikatzeko eta sektoreari aurrera egiten lagunduko dien elkarrizketa- eta ekintza-agertokiak irekitzeko garaian.
Batzordearen bileretan, sektoreari eta EDA Drinks & Wine Campusen jarduerari lotutako gaien inguruan arituko dira eta gogoeta egingo dute, eta erakundearen xedearekin bat egiten duen gogoeta estrategikoko talde gisa ezarriko dira.