07 Azaroa 2024
Gaur aurkeztu da Tokion GOe Global Network agenteen sareko lehen hub-a, elikadura-berrikuntzan hurrengo belaunaldiko aurrerapenak sustatzeko eta sektorearen etorkizuna eraldatzeko konpromisoa duen proiektua. Japoniako Tokyo Tatemono enpresarekin elkarlanean sortutako sare global honen lehen gunea da GIC Tokyo (Gastronomy Innovation Campus). GIC Tokyo-k hainbat prestakuntza-programa eskainiko ditu japonieraz eta ingelesez, gastronomia ikuspegi integral batetik landuz, tokiko talentua eta kultura sustatzeko eta Japoniako gastronomia-ondarea nazioartean zabaltzeko helburuarekin.
GOe–Gastronomy Open Ecosystemen jarduera-ardatz nagusietako bat gastronomia 360º-ko ikuspegitik aztertzeko espazio kolaboratiboak sortzea da. GIC Tokyo ikuspegi horren isla da, Basque Culinary Centerrek garatutako ikaskuntza-metodologia eta filosofia, "learning by doing" ikuspegian inspiratua. Nazioarteko gune gisa, GIC Tokyo-k chef eta ekintzaileen arteko lankidetza eta berrikuntza sustatzeko espazio gisa funtzionatuko du, Japonian elikaduraren etorkizuneko eszenatokia sortuz eta garatuz.
Basque Culinary Centerreko irakasleek prestakuntza espezializatua eskainiko diete lehen urtean GIC Tokyo-ko enpresei, zientzialariei eta chefei, Zientzia Gastronomiko eta Arte Kulinarien inguruko ezagutza eta esperientzia partekatuz, saio teoriko eta sukaldaritza-praktiken bidez, hala nola esperientzia gastronomikoen sorrera, barazkietan aplikatutako sormena edo gozogintzaren testurak landuz, besteak beste. Era berean, Japoniako startup-entzako azelerazio-programak ere antolatuko dira.
GIC Tokyo espazioak, BAT arkitektura-estudioarekin, Tokyo Tatemonoko diseinu-taldearekin eta Basque Culinary Centerreko eragiketa-taldearekin lankidetzan diseinatua, sukalde-lantegi eta klase praktikoak egiteko azpiegitura dauka, 20 lagun inguruko edukierarekin. Prestakuntza-programaz gain, ezagutza-transferentziako hainbat programa egingo dira bertan, tailerrak, showcooking-ak, eta nazio eta nazioarteko adituekin elikaduraren arloko mintegi eta hitzaldien bidez, gastronomia beste zientzia-diziplinekin uztartzeko helburuarekin. GIC Tokyo espazioan kafetegi-taberna bat ere egongo da, eta espazioaren irekiera osoa 2024ko abendurako aurreikusita dago.
GIC Tokyo-ren ekimenak gastronomia-sektorean berrikuntza eta lankidetza sustatzeko helburu nagusiak ditu. Lehenik eta behin, diziplina anitzeko talentua erakartzea eta garatzea bilatzen du, hainbat arlotako pertsonentzako prestakuntza-programak eskainiz—ekintzaileak, sukaldariak, zientzialariak eta berritzaileak—gastronomia eta elikadura-teknologian aitzindari direnak.
Beste helburu bat sinergiak sustatzea da, eta horretarako GIC Tokyo-k balio-proposamen bakarrak sortzeko lankidetzak ahalbidetzen ditu. Prototipo-sukaldeak eta beste ekimen bateratu batzuk eskainiz, enpresek benetako testuinguruan esperimentatzeko eta berritzeko aukera dute.
GOe-Gastronomy Open Ecosystem-ek elikadura-berrikuntzan hurrengo belaunaldiko aurrerapenak sustatzen ditu, sektorearen etorkizuna eraldatzeko konpromisoa duten agenteen sare bat sortuz eta bultzatuz, GOe Global Network-en bitartez. GIC Tokyo nazioarteko bazkideen sare global horren parte da.
GOe Global Network-ek elikadura-sektorearen etorkizuna eraldatzeko konpromisoa duten mundu osoko agenteekin bat egitea dakar helburu, balioak partekatuz. GIC Tokyo bezalako espazioak ekosistema batean txertatzen dira, mundu osoko chef, ekintzaile, zientzialari eta berritzaileak elkartuz, gastronomia eta elikadura-teknologian soluzio aitzindariak sortu eta garatzeko helburuarekin.